Jose Mari Arotzenak badu jakin-mina inork bere marka hobetuko ote duen

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko irailaren 21a

1989an, 23 urte zituela, egin zuen Jose Mari Arotzena elgetarrak Intxortako igoeran inoiz egin den denborarik onena: 17 minutu eta 39 segundo.

Nola gogoratzen duzu 1989ko Intxortako Igoera?
Elgetako jaiak ziren, eta Intxortako II. igoera zen. Eguraldi aproposa zegoen, eta ni, berriz, sasoi betean nengoen; gimnasia eskolak ematen nituen, saskibaloian eta areto futbolean ere aritzen nintzen... Ondo ezagutzen nuen igoera, eta ondo ibili nintzen. Denbora ona egin nuen, oraingoz markarik onena da.

Hobetuko du inork marka hori aurten?

Ezezkoan nengoen, baina apustua dagoela ikusi dut, eta badut jakin-mina. Ez dakit nortzuek hartuko duten parte, baina, hobetzekotan, gustatuko litzaidake beste elgetar batek hobetzea.

Zure gomendioak aurtengo parte-hartzaileei?

Garrantzitsua da nondik igo argi edukitzea, eta, esan didatenez, bidea garbituta dago. Ez da igoera luzea, baina bai oso esplosiboa. Aldapa konstantea da, eta garrantzitsua da igoeran indarrak neurtzea. Hori bai, marka hobetu nahi duenak goian beharko du 11-12 minutuan. Eta eguraldiak lagundu egin behar du.

Ez duzu parte hartuko?

Itxuroso bukatuko nuke, baina nahiago dut ikusle moduan parte hartu. Gera dadila oroimenerako egindako marka!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak