Hiru lehiaketa deitu dituzte zapaturako Elgetan. Aukeren artean dauzkazue txorimalo bat egitea, tenis-oinetakoak jantzi eta Intxortako igoeran parte hartzea, edo amantalaren aldeko apustua egin eta herriko patata-tortilla goxoena prestatzea. Publiko guztiendako proposamenak daude, baita azoka egun berezi batean parte hartu nahi dutenendako ere; izan ere, herriko baserritarrek 11:00etan zabalduko dute urteroko azoka. Oraingoz, 13 baserritarrek konfirmatu dute bertan izango direla, eta etxeko produkturik onenak eroango dituzte plazara, herritarrei saltzeko asmoarekin.
Azoka indartzeko helburuarekin txorimalo lehiaketa eta Otxia txakolinaren dastatzea ere antolatu ditu aurten Turismo batzordeak. Herriko baserrien argazki erakusketa eta Intxortako igoera ere programan daude. Igoerak interes berezia piztu du, jokoan baitago Jose Mari Irastortzak 1989an egindako marka hobetzeko erronka. 12:00etarako finkatu dute hitzordua.
Arratsaldean sagardoa
Gaztetxeak antolatutako ekintzak izango dira nagusi arratsaldean. Bazkaria, Sagardo Eguna, tortilla lehiaketa, triki-poteoa, bertso afaria eta ON taldearen emanaldia iragarri dituzte gazteek.
Patata-tortilla lehiaketako parte-hartzaileak izango dira lehenak plaza betetzen. 17:00etan hasiko dira lanean, eta 18:00etarako prest eduki beharko dute patata-tortilla. Herriko ostalariek, berriz, sagardoa emango dute doan 19:00etatik aurrera, eta ordu horren bueltan egingo dute patata-tortilla lehiaketako sari banaketa. Jarraian, triki-poteoa, bertso-afaria — Enaitz Alustiza, Xabi Igoa eta Eneko Beretxinaga bertsolariekin— eta ON taldearen emanaldia egongo dira, azken hori goizeko ordu txikiak arte.