Zalantzan zegoen zaintza zerbitzuaren jarraipena, baina zerbitzua mantendu egingo da hasiera batean.
Aurreko ikasturte amaieran Udalak gutxienez zazpi erabiltzaile eskatu zituen zerbitzuari jarraipena eman ahal ziateko, eta bostek eman dute izena. Atzo, eguaztena, egin zuten gurasoekin batzar irekia Oxel Erostarbe alkateak eta Ana Gillegi hezkuntza zinegotziak. Jakinarazi zuten Udalak zerbitzua zabaltzeko erabakia hartu duela, baina abendura arteko konpromisoarekin. Gurasoek 90 euroko kuota ordainduko dute hilean.
Ludoteka eta gaztelekua
Gazteleku zerbitzurako 15 lagunek eman dute izena, eta arazo barik egingo du aurrera. Zerbitzua, hori bai, zapatuetan eta domeketan emango dute; barikutan ez. Kuota da 25 euro hilean.
Ludotekan, berriz, sei lagunek eman dute izena. Alkateak adierazi zuenez kopuru txikia da, eta ikasturteak aurrera egin ahala erabiltzaile gehiago agertzen ez badira zerbitzuaren beharra ote dagoen hausnartu beharko dela esan zuen. Kuota, kasu honetan, hilean 30 eurokoa da. 2013an bost urte betetzen dituzten haurretatik hasi eta adin horretatik gorako erabiltzaileendako da ludoteka zerbitzua.