Udazken koloreak Elgetan, irailetik abendura bitartean 30 ekintzatik gora

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko irailaren 19a

Elgetan finkatuta dauden ekintzak indartzeko, eta herrira bisitariak erakartzeko helburua du egitasmo berriak.

Abendura bitartera 30 ekintzatik gora iragarri dituzte gaur goizean egindako agerraldian Elgetako alkate Oxel Erostarbek eta Turismo batzorde-burua den Patxi Basaurik.

Urriaren 18tik 21era bitartean jardunaldi mikologikoak iragarri dituzte; urteroko perretxiko erakusketarekin batera hitzaldi bat, irteera bat, eta eskaintza gastronomiko berezia egingo dituzte. Euskal kantu tradizionalak kalera ateratzeko deialdia ere egin dute urrirako; hilaren 28an Elgetako abesbatza eta trikitilariak kalera irtengo dira jendea kantuan egitera animatzeko.

Azaroan, berriz, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte urteroko Pintxo lehiaketarekin batera. Eskaintza gastronomiko berezia egingo dute ostalariek, eta lehenengo Elgetako Mugarri eguna iragarri dute azaroaren 18an.

Elgeta ezagutzen egitasmoa

Elgetako ingurunea, hondarea eta historia ezagutzera emateko, bestalde, hilean irteera bat antolatu dute. Domekan, irailak 23, egingo dute lehena. Elgetako basoak ezagutzen du izena eta Egoarbitza aldean dauden sekuoiak eta haginak ikusteko txangoa gidatuko du Dani Gillegik. Hurrengo hilabeteetan etorritako dira Elgetako karobiak, Elgetako mugarriak, Elgetako perretxikoak edo Elgetako hondarea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak