Apurka bada ere urtetik urtera gehiago dira iraileko azokan postua ipintzera animatzen diren herritako baserritarrak. Zapatu goizean egingo dute urte honetako azoka, eta honezkero 13 baserritarrek ziurtatu dute bertan izango direla. Iaz 12 izan ziren, eta duela bi urte 11.
Azokaren helburua da herrian egiten den ekoizpena jendaurrera eramatea, eta bide batez salmenta zuzena bultzatzea. Azoka 11:00etan zabalduko dute, eta 13:00ak bitartean Herriko plazan aurkituko dituzue baserritarrak. Frutak, barazkiak, ogia, gazta, eztia... askotariko produktuak eskainiko dituzte aurten ere. Eguna, gainera, egitarau zabalarekin dator; argazki erakusketa, Intxortako igoera, Sagardo eguna, tortilla lehiaketa...
Domekan Egoarbitzara
Udalak, bestalde, Elgeta ezagutzen ekimena abiatuko du domekan, hilak 23. Asmoa da herriko hainbat txoko ezagutzeko hilero irteera bat egitea.
Lehenengo txangoa Egoarbitza aldera egingo dute, besteak beste, bertan dauden eta gurean gutxi ikusten diren sekuoiak eta haginak ikusteko. Irteera 10:00etan abiatuko da plazatik.