Nobedadeak izango ditugu aurten Sagardo egunarekin batera. Badira urte batzuk herriko baserritarrek egun horretan egiten dutela urteroko azoka. Bada aurten herriko baserrien argazki erakusketa, txorimalo lehiaketa, eta Intxortako igoera gehitu ditu Udalak. Txorimalo bat egiten dutenek 10:30erako aurkeztu beharko dute plazan, eta Udalak hiru onenak sarituko ditu 50, 30 eta 15 eurorekin.
Korrikalariendako erronka, berriz, XVI. Intxortako igoera izango da. Parte hartzera animatzen diren lasterkariak Herriko plazatik abiatuta igo eta jaitsi beharko dute Intxorta. Hemen ere hiru onenak sarituko ditu Udalak 60, 30 eta 20 eurorekin. Sari berezia ere iragarri du orain arteko marka onena gainditzen duenarendako. Marka hori Jose Mari Arozenak dauka; 17 minutu eta 39 segundo. Lasterketa 12:00etan jokatuko da.
Bazkaria eta bertso afaria
Gaztetxeak antolatutako Sagardo egunaren barruan, berriz, 17:00etan hasiko da urteroko tortilla lehiaketa. Interesatuek udal liburutegian eman behar dute izena hilaren 20a, eguena, baino lehen.
Gaztetxeak sagardo upelak ipiniko ditu herriko gune ezberdinetan. Ez hori bakarrik. Aurten, bazkaria eta bertso afaria antolatu dituzte, eta biak egingo dira gaztetxean. Bazkariaren prezioa zortzi euro da, eta bertso afariarena 15 euro. Kasu bietan interesatuek hilaren 20a baino lehen eman behar dute izena Haizea tabernan.
Eta baserritarrendako da azken oharra; gaur, hilak 14, amaitzen da azokan postua ipintzeko izenemate epea.