Zortzi jarduerak osatzen dute 2012-2013 ikasturte hasiera honetan Elgetako kirol eskaintza. Ez da nobedade esanguratsurik, izan ere iazko eskaintza mantendu du Udalak.
Helduendako spinning, tai txi, yoga eta mantentze-GAP jarduerak daude aukeran. Erretiratuendako, berriz, mantendu egiten dira gimnasia saioak. Haurrek ere iazko eskaintza berdina dute; multikirola —bi talde—, eta karatea —egun aldaketarekin—.
Aurten, hori bai, gaztetxoek faltan sumatuko dituzte pilota eskolako saioak.
Ikasturte honetan, bestalde, spinning-eko talde bakarra egongo da. Lehentasuna izango dute aurreko ikasturtea amaitu zuten erabiltzaileek baldin eta izena irailaren 17a, astelehena, baino lehen ematen badute.
Izenematea zabalik
Udalak zabalik du dagoeneko jarduera guztietan izena emateko epea. Iaz moduan izena ematearekin batera hilabete bateko kuota ordaindu beharko da. Ikasturtean zehar jarduera lagatzen dutenek galdu egingo dute kuota hori, aldiz, ikasturtea amaitzen dutenei ez zaie ekaineko kuota kobratuko. Informazio gehiago udaletxean emango dute.