Astelehenetik barikura bitartean egunero eman dute zerbitzua uztaileko udaleku irekietan, eta 20 egunez herriko 54 neska-mutikoren topalekua izan da goizero-goizero. Txangoak, jolasak, eskulanak, batukada... askotariko ekintzak egin dituzte guztiak ere Kepa, Mireia, Oihana, Saioa eta Leire dinamizatzaileen gidaritzapean.
Gaur, barikua, emango diete amaiera 2012ko udaleku irekiei, eta festa prestatu dute haurrek. Gurasoak ere gonbidatuta daude; 12:00etatik aurrera hasiko dute agur festa.
Amaiera festa gaur
Mozorrotuta emango dute goiza udalekuetako haurrek. Txikiek eta ertainek dantzak prestatu dituzte gurasoen aurrean egiteko; handiek, berriz, atzo grabatutako bideoklipa erakutsiko dute.
Udalekuek, aurtengoan ere, irudi polit asko eman dituzte, eta dinamizatzaileek gurasoei ere erakutsi nahi dizkiete. Hala, 12:00etan hasiko den agur festa horretan umeen dantzak eta bideoklipa ikusteaz gain lau asteotan batutako argazki emanaldia ere egingo dute. Gonbitea luzatuta dago.