Giro apartarekin egin dute gaur arratsaldeko bits festa Elgetan. Handiak zein txikiak, adin ezberdinetako neska- mutikoak murgildu dira jaboizko hodei zurian. Batzuk, txikienak, zuhurtziaz hasieran. Gainerakoak, nagusiagoak, inongo erreparorik gabe.
Laster ziren sobran txankletak eta gainerako oinetakoak. Bits artean galdu ditu batek baino gehiagok, baina ez da inor larritu. Jolasa, orduan, desagertutako txankleta bits artean nork lehenago topatu izan da.
Minutu gutxian itxura xelebrea hartu du Herriko plazak, ia guztia bete baita bitsez. Orduan, San Roke kaleko iturriarekin akordatu dira haurrak. Joan-etorri bat baino gehiago egin dituzte eskuak eta aurpegia urarekin garbitzera.
Gaurkoan ere ez da gurasorik bits artean sartzera animatu, baina asko ikusi ditugu argazki edo bideo-kamera eskuan haurren jolasak jasotzen. Irudi politak lortzeko egun horietako bat izan da gaurkoa.