Gipuzkoako ur kontzortzioak jarraituko du Elgetan ur zerbitzua kudeatzen. Horren truke eta epe horretan herrian 244.416 eurora arteko inbertsioak egiteko konpromisoa hartu du kontzortzioak. Atzo, martitzena, egindako osoko bilkuran udalbatzak aho batez hartu zuen hitzarmena berritzeko erabakia. Oxel Erostarbe alkateak adierazi du hitzarmen honekin inbertsio konpromisoa lortzeaz gain ur zerbitzua bera ere merkeago ateratzen dela; zerbitzua Udalak kudeatuta baino %20 merkeago.
Mozioa
Udal ordezkariek, bestetik, Frankismoaren krimenen aurkako kereilari babesa emateko mozioa onartu zuten; alderdi guztiek batera aurkeztutako mozioa izan zen, eta aho batez onartu du udalbatzak.
Aktak Estatuko ordezkaritzara
Eta gai zerrendatik kanpo Oxel Erostarbe alkateak jakinarazi zuen Udalak osokoaren erabakiak jasotzen dituen aktak Estatuko ordezkaritzara bidaltzeko agindua jaso duela idatziz. Legeak ezartzen duen betekizuna dela onartu zuen Marian Elkoro idazkariak. Elgeta ez da agindua jaso duen herri bakarra.
Udalbatzak, momentuz, ez du gai honen inguruko erabakirik hartu.