"Hasieratik joan naiz aurrean, distantzia hartu dut eta esperotakoaren arabera izan da lasterketa", azaldu zuen pozik atzo arratsaldean Kortazarrek. "Atzetik betikoak izan ditut presioa sartzen baina azkeneko asteetan egindako entrenamenduak mesedegarriak izan zaizkit", gaineratu zuen. Izan ere, azkeneko astean ez du larregi entrenatu Kortazarrek. Bihurritu bat izan du eta ondorioz bizikletan ibili da; eta, gainera, azken astean belarriko minarekin eta sukarrarekin ere egon da. Hala, fresko eta arin iritsi zen atzoko lasterketara.
Ibilbide bizkorra
Zumaiako mendi lasterketak ez du malda handiegirik eta ez da oso teknikoa. Kortazarrek azaldu du berak nahiago izaten duela aldapa gehiagoko lasterketak: "Aldaparik ez dagoenean bizkorrago joaten gara eta horrek esfortzu gehiago eskatzen du".
Dagoeneko bi edizio irabazi ditu Kortazarrek, 2009an lehenengoa eta aurtengoa.
Sailkapena
Gizonezkoetan
1. Zaid Ait Malek: 2h 19’06’’
2. Dani Tristany: 2h 19’33’’
3. Toni Roldan: 2h 20’11’’
Emakumezkoetan
1. Oihana Kortazar 2h 40’56’
2. Eva María Moreda 2h 47’08’’
3. Vanesa Bataller 2h 54’20’’
Dolomitetan ez zen irten
Aste bukaeran Dolomites SkyRace lasterketa jokatu da Italian. Egubakoitzeko kilometro bertikaleko proban parte hartu behar zuen Kortazarrek. Azaldu du Italiara joan zela baina ez zuela parte hartu, eguenean oraindik sukarrarekin zegoelako. Datorren astean Italian jokatuko du eta ondoren Suitzara joango da.