Egokitzapen batzuekin, baina ludoteka zein gazteleku zerbitzuek jarraipena izango dute urritik aurrera. Ez da eguneko sarrerarik egongo, hileko matrikulak onartuko dira, eta igo egin dute erabiltzaileen adina —ludotekan 2007. urtean jaiotako umeetatik gora, eta gaztelekuan 2001. urtean jaiotakoetatik gora—. Ludoteka zerbitzua, bestalde, 16:30etik 19:00etara emango dute urritik ekainera, eta gaztelekua zapatuetan 16:30etik 21:00etara, eta domeketan 17:00etatik 20:30era. Urritik martxora egongo da gazteleku zerbitzua aste bukaera oro; apiriletik ekainera ekintza puntualak egitea aurreikusten da.
Zalantzan dagoena zaintza zerbitzua da. Erabiltzaile finko bakarra egon da apiriletik ekainera, eta Oxel Erostarbe alkateak azaldu duenez zerbitzu hori emateak bigarren hezitzaile bat kontratatzea eskatzen du. Hala, zaintza zerbitzuari jarraipena emateko eskaera konkretu batzuk egin ditu Udalak. Taldea osatzeko gutxienez zazpi erabiltzaile beharko dira, eta gainera, ikasturte osorako konpromisoa eskatuko zaie. Hileko kuota mantendu egingo da; 90 euro. Beste berritasuna da zaintzako kuota ordaindu beharko dutela ez soilik eskolatik 16:00etan jaso behar diren umeek baita 2008tik 2010era bitartean jaiotako erabiltzaile guztiek. Horrek esan gura du zaintzako talderik osatu ezean ludoteka barik geratuko direla adin tarte horretako haurrak.
Baldintza horiek betez gero zerbitzuak defizitario izaten jarraituko luke; 10.855 euro, kostu totalaren herena hain zuzen ere.
Aurre-izenematea zabalik
Erabiltzaile eskasia da zaintza zerbitzuaren arazoa, hala zerbitzua aurrera ateratzeko aukera dagoen lehenbailehen baloratzeko Udalak aurre-matrikula epea zabaldu du hilaren 27ra bitartean. Konpromiso bako aurre-matrikula da; behin-betiko matrikulak irailean egingo dira, eta Udalak irailaren 19an egingo du bilera gurasoekin.
Gurasoen proposamenak
Udalak martitzenean guraso erabiltzaileekin egindako bileran eman zuen proposamen horren berri. Gurasoek, ordea, formula alternatiboak aztertzeko eskaera egin zuten.
Gurasoek proposatutako aukeretako bat izan zen zerbitzu bietan 27 erabiltzailek izena ematea —ikasturte osorako konpromisoarekin—. Kopuru horretara iritsiz gero zerbitzua bideragarri izango litzateke denei 40 euroko kuota kobratuta.
Bigarren proposamena izan zen zaintza zerbitzua desagertu aurretik interesatuei kostua euren artean banatzea. Hau da zaintzako kuotak gora edo behera egitea dagoen erabiltzaile kopuruaren arabera. Bileran kalkuluak atera zituzten eta zerbitzuaren kostua hileko 630 euro da.
Oxel Erostarbe alkateak argitu zuen Udalak zerbitzuari jarraipena emateko borondatea baduela. "Zaintza urritik ekainera bitartean martxan ipintzeko borondate osoa du Udalak, baina zerbitzua ekonomikoki bideragarri egitea ezinbestekoa da. Martxoan egindako erabiltzaile aurreikuspenak ez dira bete, eta ondorioz diru-sarrera aurreikuspenak ere ez dira bete”.
Bestetik, Udalak hobariak edo bonifikazioak badituela jakinarazi zuen. "Aurreko hiletan ez ditu inork eskatu", esan zuen alkateak batzarren. Hobari horiek mantendu egingo direla jakinarazi zuen Erostarbek. Zaintzan familia bereko bigarren umeak %30eko deskontua izango du.