"Asteburuan Italian bi lasterketa egingo dituzte, baina bietako batean parte-hartzea nahikoa dut puntuak batzeko. Horregatik erabaki dut egubakoitzeko [Gaurko] kilometro bertikalean parte hartu. Iaz txapelketa hori –Munduko Kopa– irabazi ostean aurten ez nuen aparteko helburu moduan, egutegian ondo zetozkidan lasterketak egin nahi nituen, ez gehiago, baina Zegaman irabazi ostean pena ematen zidan Munduko Kopako gainontzeko probetan punturik ez batzea".
Hala, behin saltsa horretan sartuta, onena gauzak ondo egitea: "Datorren astean ostera joango naiz Italiara, beste lasterketa bat egitera, eta Kopako laugarren proba abuztuaren 12an izango dut, Suitzan".
Skygames, lehenengoz
Oihana Kortazarrek aurten lehenengoz hartu du esku Skygames izeneko proban: "Olinpiar Joko moduko batzuk dira, eta bertan puntuak batzeko gutxienez hiru probatan hartu behar da esku. Espezialitate asko daude, maratoiak, kilometro bertikalak, mendi bizikleta probak, lasterketa azkarrak... Hori bai, derrigorra zen maratoian parte-hartzea". Aurten Vilallerren egin dute txapelketa hori, Ribagorza (Pirineoak) aldean, eta Kortazarrek kilometro bertikalean, mendi maratoian, eta 200 metroko lasterketan hartu zuen esku: "Kilometro bertikala irabazi egin nuen (ekainak 30), eta arratsalde horretan bertan egin genuen abiadurako lasterketan bigarren izan nintzen".
Maratoian, orkatila bihurritu
Uztailaren 8an, berriz, mendi maratoian gorriak ikusi zituen: "Orain, atzera begiratuta, poztu egiten naiz maratoia bukatu izanaz. Izan ere, 17. kilometroan orkatila bihurritu nuen, eta lasterketa bertan behera uztekotan egon nintzen. Hori egingo banu, baina, sailkapen orokorrerako puntu bakar bat ere ez nuke batuko, eta pena ematen zidan, lau urtean behin egiten delako txapelketa hori. Jarraitzea erabaki nuen, eta hirugarren sailkatu nintzen".
Asteburuan 'dobletea'
Oihana Kortazar gaur bertan lehiatuko da Dolomitetan, Canazein egingo duten lasterketan. Domekan, berriz, Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan egongo da: "Antolatzaileekin konpromisoa hartu nuen, azken urteotan kale egin dudalako; gogoz nago domekako lasterketarako". Hala, asteburuan batera eta bestera ibili ostean, astelehenean Harmailatik saioan izango dugu elgetarra (21:30).