Domingo Iturbeko eraikina ez da existitzen honezkero. Frontoi zaharra da zutik geratzen den bakarra, eta ezuste atsegina eman dute horma zahar horiek azken egunotan. Txukuntze lanak egiterakoan agertu da hormak zein arkuak harrizkoak direla. Honen aurrean zer egin erabaki behar izan dute egunotan udal arduradunek.
Hezetasunak eragindako kalteei aurre egiteko eta hormari sendotasuna emateko hormako harri arte guztietan betelana egin beharko dute beharginek. Paretak pitzadura ugari ditu eta nabaria da hezetasunak zein eremu kaltetu dituen gehien. Proba batzuk eginda daude honezkero, eta Udalak betelan hori egiteko ze materiala aukeratu erabaki behar du egunotan.
Lanak martxa onean
Lanen zati handiena uztailerako amaituko dutela adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. Gaur goizean Goitu enpresako beharginak eskola aurreko horma apurtzen ari ziren, eta duela gutxira arte bertan egon diren eskaileren kokalekua estaltzen laster baten bertan porlana botatzeko. Guneari lautada itxura emango diote, eta eskola atariak bat egingo du frontoiaren aurreko aldearekin.
Eraikinaren goiko aldean, berriz, zorua botatzea falta da. Plazatxo zabala gelditu da, eta eguraldi onarekin ikusgarriak dira bertatik ikus daitezkeen bistak.