Ferixak nortasun propioa behar duela uste dute antolatzaileek

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko uztailaren 14a

Proposamenetako bat da ganadu arraza baten aldeko apustua egitea.

Astelehenean egin zuten aurtengo Ferixa Nagusiaren inguruko balorazioa Baserritarren batzordean. Bertan emandako datuen arabera uztailaren 1eko azokan 34 saltzaile, 26 artisau, makinaria postu bat, eta 85 abelburu egon ziren. Abereak izan ziren 24 idi pare, 22 behi, lau txakur kume, hiru asto, hiru txahal, bi behor, bi moxal eta idisko bat.

Nortasun propioa eman

Baserritarren batzordean irtendako ideietako bat izan zen etorkizunera begira garrantzitsua dela Elgetako ferixa nortasun propioz janztea. Lehenengo pausoa litzateke ferixaren helburuak finkatzea eta zenbait erabaki hartzea; artisau kopurua mugatzea eta saltzaileei preferentzia ematea, ferixara etorriko den abereen mota klasifikatzea eta ferixari nortasuna emango diona aukeratu: idiak, ganadu arraza baten aldeko apustua egin...

Batzordean gaia lantzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, eta baserritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea dute helburu.

Antolakuntza lanak

Gainerakoan batzordean aipatu zen ferixa muntatzeko antolaketa "nahiko ondo eta azkar" joan zela, eta postu bakoitzak bere mahaia ekartzeak lana erraztu egiten duela. Hala, aurrerantzean bide horretatik jarraitzea erabaki zuten.

Hobetzeko neurrien artean ferixa orduetan ere zirkulazio mozketa egiteko aukera aipatu zuten batzordean. Neurri hori beharrezkoa ikusten dute postu batzuk errepide ertzean egoteak sortzen dituen arrisku egoerak saihesteko.

Ferixa amaitu osteko garbiketa lanak ere aipatu zituzten asteleheneko batzarrean. Komeniko litzateke enpresa garbitzailearen lanaz aparte postu bakoitzak bere hondakinak kudeatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak