Udala arduratuta dago ludoteka zerbitzuan eman den erabiltzaile jaitsierarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko uztailaren 13a

Erabiltzaile kopurua ez da egindako aurreikuspenetara iritsi; batzarra deitu dute martitzenerako, 19:00etan.

"Ez dira erabiltzaile aurreikuspenak bete, eta aurreikusitako erabiltzaile kopurura ez iristeak eragina izan du aurreikusitako diru-sarreretan". Oxel Erostarbe alkatearen hitzak dira. Esan du Udala arduratuta dagoela eman den erabiltzaile jaitsierarekin, eta zerbitzua ekonomikoko bideragarri egitea premiazkotzat jotzen du. Interesatuei egoeraren berri emateko, eta irtenbide posibleak adosteko batzar irekia deitu du Udalak martitzenerako, hilak 17. "Hezkuntza batzordean asteon egin dugu balorazioa, eta batzar ireki horrekin balorazio hori herritarrekin konpartituko dugu. Datorren ikasturtera begira zerbitzua bideragarri egiteko zein egokitzapen egin daitezkeen adostu gura dugu".

Atzetik datorren kezka

Ardura ez da berria. Udalak hainbat bilera egin zituen otsailean eta martxoan guraso erabiltzaileekin. "Aurrekontuan jasota egon ez arren egokitzapenak egin eta apiriletik ekainera zerbitzua mantentzea erabaki genuen", gogoratzen du Erostarbek, "baina eman den erabiltzaile kopurua aurreikusitakoa baino askoz ere txikiagoa izan da". Zaintza zerbitzuan, esaterako, erabiltzaile bakarra egon da maiatzetik ekainera —bost behar dira zerbitzua bideragarria izateko—. Eta ludotekan hileko kuota ordaindu dutenak izan dira urtarrilean 15, otsailean 20, martxoan 25, apirilean 8, maiatzean 10 eta ekainean 10. Eguneko erabiltzaile kopurua ere ez da egindako aurreikuspenetara iritsi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak