Uztaileko klasiko bat bihurtu dira dagoeneko, eta Maalako ur putzuek ez dut aurten kale egin. Atzo, eguena, ipini zituzten hiru igerileku parkean, eta udalekuetako haurrak izan ziren lehenak gozatzen. Hiru taldeak —txikiak, ertainak eta handiak— ibili ziren plisti-plasta ur putzuetan. Norbera eta inguruko gainerako guztiak busti, dinamizatzaileekin ur festa egin... gustura eman zuten goiza parkean.
Arratsaldean ere zabalik egon ziren Maalako ur putzuak. Sorosle ikastaroa eginda duen Leire Ibaibarriagaren zaintzapean hiru putzuetan jolasean egiteko aukera izan zuten herriko neska-mutikoek. Esan gabe doa atzoko digestioa bereziki luzea izan zela haurrendako; ez ziren igerilekuetara nahi orduko iritsi.
Gaur ere zabalik
Maalako hiru putzuak bi egunez egongo dira zabalik. Gaur goizean udalekuetako neska-mutikoek erabiliko dituzte, eta arratsaldean berriz zabalduko dituzte herriko ume danendako. Iaz eguraldiak ez zuen lagundu eta Elgetako haurrak ur putzu barik geratu ziren. Aurten, bai, ipini dituzte. Hori bai, txikiak dira. Bi igerileku puzgarriak berriak dira, biak berdinak. Igerileku handia, aurten, ez dute ipini.