Sebastian Arantzabal: "Nahiz eta desadostasunak izan, herriko kontuetan nahiko ondo konpontzen ginen"

Miren Arregi Amasorrain 2012ko uztailaren 11

1961ean jaioa, Sebastian Arantzabalek legegintzaldi oso bat eman zuen zinegotzi moduan Elgetan, Herri Batasuna alderdiko kide bezala. Gero, Euskal Herritarrok taldearen ordezkari moduan ere egon zen udalean. 80ko hamarkadan sartu zen politikaren alorrean eta hor jarraitzen du oraindik.

1991n sartu zinen udalean. Nola osatzen zen orduan udala?

Sasoi hartan Elgetak 1.007 biztanle zituen eta beraz, bederatzi zinegotzik osatzen zuten udala. Agintaldia bukatu genuenerako, 1994rako, 993 biztanle ginen eta orduan 9 ordezkari izatetik zazpi izatera pasatu ziren. EAJk sei zinegotzi zituen orduan eta guk, berriz, hiru. 

Zer nolako giroa zegoen orduko hartan?

Hasiera gatazkatsua izan zen. Gure zerrendan hirugarrena zen Bittor Aierbe atxilotu egin baitzuten kargua hartu baino lehenago. Herri Batasunak hiru ordezkari lortu zituen agintaldi hartan Elgetan eta hirugarren barik hasi genuen lau-urtekoa. Hiru hautatuak izan eta bi hasi. Urte eta erdi pasatu zen haren ordezkoa sartu zen arte. Egoera horretan, tentsio une handiak bizi izan genituen. 

Nola eragin zuen horrek udalean? 

Egoera hartan, tentsio une handiak bizi izan genituen. Guk Aierberen alde, babes mozio bat aurkeztu genuen eta EAJk atzera bota zuen. Horrek min handia egin zigun. 

Euskal Herriko egoera politikoa ere gatazkatsua izango zen orduan.

Bai, Euskal Herriko egoera gatazkatsua zen eta horrek eragina zuen udaletxean ere. Hala ere, esan behar dut, herriko kontuei zegokienean, nahiko ondo funtzionatzen zuela udalak. Batzordeak irekiak ziren, parte-hartze handia zegoen eta nahiz eta EAJ egon udalean eta kasu askotan desadostasunak izan, herriari zegokionean nahiko ondo konpontzen ginen; adostasunera iristen ginen. Gobernu batzordea hiru kidek osatzen zuten, EAJko bik eta nik neuk eta hori beste herrietan ez zen gertatzen.

Kirol, Euskara eta Gazteria batzordeei dagokienean, zer?

Hiruren batzordeburu izan nintzen ni. Garai hartan ez zegoen teknikaririk eta zinegotziok lan gehiago egin behar izaten genuen. Esaterako, arte futbol txapelketa bat antolatzen genuen herrian eta harrigarria da zenbat herritarrek hartzen zuten parte. 1994an Elgetan 140 lagun aritu ziren areto futbolean. Partidu asko jokatzen ziren astebururo, partiduetako aktak jaso behar izaten ziren eta lan handia egiten genuen. Polita zen horrenbeste herritarrek parte hartzen zuten proiektu baten parte izatea. Guk bultzatu genuen beste egitasmo bat izan ziren mountain bike irteerak. Garai hartako proiektu nagusia, baina, hirigintza alorrean egin zen, Domingo Iturbeko etxebizitzak, alegia. 

Udaletxe barruko funtzionamenduan euskara ere indartu zenuten.

1991an udaletxean sartu ginenean akta eta dokumentu ia guztiak gazteleraz ziren. Guk agiriak-eta euskaratu genituen eta 1994rako gehiena euskaraz izatea lortu genuen. 

Atzera begira, nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Esango nuke gaur baino errazagoa zela udaletxeko lana, batez ere,  jendeak asko laguntzen zuelako. Jaiak-eta antolatzerakoan jende mordoa aritzen zen. Ez du zer ikusirik gaur egungoarekin. Gaur udaletxeko ordezkariak bakardade gehiago sentitzen dutela uste dut. Gizartean aldaketa handia egon da eta hor isla izan du. 

2002 eta 2003 urteetan ere izan zinen udalean. 

Oso garai gatazkatsuak izan ziren. Lizarra-Garazi hitzarmena apurtu berri zen eta legez kanpo utzi aurretik Ezker Abertzalea alderdi politiko bezala erakundeetan egon zen azken agintaldia izan zen hura.

Gaur egungo egoeraren aurrean, zer?

Gauzak aldatzen doaz eta esan behar da gaurko Elgetako ordezkaritza demokratikoa bada ere, guztiek ez dutela izan zerrendak gura zuten jendearekin osatzeko aukera eta horrek islada bat daukala. Aurrera begira itxaropentsu nago; Sortu ere legeztatu dute, baina zuzendaritzak barruan jarraitzen du eta hori ulergaitza iruditzen zait. Demokrazia behatua da hau. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak