Uztailean desagertu da Ozkarbiko pilota saila. Amaitu dira Elgetako frontoian, bai Ozkarbiko pilotarien entrenamendu saioak, bai gaztetxoendako pilota eskolak. Ikasturte honetan 13 pilotarik zuten fitxa Ozkarbirekin, eta datorren denboraldian Soraluzen sortu duten elkarte baten segituko dute ibilbidea.
Ozkarbiren pilota eskolan, berriz, 12 gaztetxok jardun dute amaitu berria den ikasturte honetan, eta datorren ikasturterako beste eskola bat aurkitu beharko dute pilotan jarraitu nahi badute.
Albiste tristea da, baina administrazioak exijitutako baldintza berriek eta errelebo faltak erabaki hori hartzera eraman ditu arduradunak.
Lau t'erdiko txapelketa
Ozkarbiko pilota saila desagertzeak badu beste ondorio bat: kolokan dago Elgetako lau t'erdiko txapelketa. Ozkarbiko pilota sailak antolatu du urte hauetan guztietan, eta kontuan hartuta edozein txapelketa antolatu ahal izateko federatutako elkarte batek egon behar duela oinarrian, zaila izango da datorren urtean Elgetan lau t'erdiko txapelketa egitea.
Aitor Elkororendako 'penagarria'
"Kontatu didate zelan izan den kontua, eta nola Ozkarbi barruan zegoen pilota saila elkartetik banantzea eskatzen zuen Eusko Jaurlaritzak. Penagarria iruditzen zait, batez ere klub bat desagertzen denean gauza asko desagertzen direlako herritik", adierazi du Elgetako pilotari ohiak. "Kluben lana oso garrantzitsua da jende gaztea formatzeko, eta horrelako klub bat desagertzen denean, gero zaila izaten da jende berria sartzea. Juan Luis Uberak bizi guztia darama, bai pilota munduan, bai Ozkarbi elkartearekin lanean. Sekulako lana egin du, eta uste dut eskertu egin behar diogula urte hauetan guztietan egindako lana".
Aitor Mendizabalendako 'albiste txarra'
"Klub bat desagertzea beti da gauza txarra. Azkenean, etorkizuna dago klub batean; mutikoak hortik hasten dira pilotan ikasten", esan du profesionaletara salto egin aurretik Ozkarbin bi urte egindako pilotari antzuolarrak. "Elgetako lau t'erdiko pilota txapelketa kolokan egotea gauza txarra da, baina baita kluba bera desagertzea ere; izan ere, azkenean, garrantzitsuak dira herri bati bizitasuna ematen dioten taldeak. Ni egon nintzen denboran ekipo polita ibili ginen entrenatzen. Juan Luis Uberak, berriz, dena eman zigun. Lan handia egin du, eta pilotaren inguruan dakien guzti-guztia erakutsi digu. Dena, berak zuen guztia eman zigun".