Miraballesko karobi frantsesa bisitagai

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko uztailaren 4a

Herri-bideen inbentarioa egiteko makina bat ordu eman ditu herriko auzo-bide eta pistetan Nerea Villa elgetarrak. Hala, Udalarendako lanean eman dituen hilabeteetan espero gabeko aurkikuntzak egin ditu.

Asentzio auzoko Miraballes baserri ondoan, esaterako, aspaldian erabilpenik gabe zegoen karobia agertu da. "Betidanik egon da hor", adierazi du Miraballes baserriko Felix Gorrotxategik. "Nik ez dut sekula martxan ezagutu, eta gure aitak esaten zuen txikitan, oso txikitan, ikusi zuela funtzionatzen. Gure aitajaunaren garaikoa da karobi hori".

Karobi berezia 

Nahiko egoera onean dago Miraballesko karobia, eta berezia da inguruko karobiekin alderatuta. Ez da karobi arkuduna; karobi frantsesa edo arragoa da. Hala, kareharria edo karatxa egurrarekin tartekatuta erretzen zuten. Behin erreta, ura gehitzen zitzaion kareharriari, eta Miraballesko karobitik gertu dago oraindik ere aska zaharra. Harria ateratzeko harrobi txiki bat ere bazuten Miraballesen.

Gaur egun apenas darabilgun arren, kareak erabilpen ugari zituen: lurra ondu eta harrak hiltzeko, ukuiluak desinfektatzeko, baserriak zuriz margotzeko, arrautzak kontserbatzeko...

Miraballesko karobiak bertan ditu oraindik hainbat lanabes, baita bedeinkatzeko gurutzea ere karobiaren horma nagusiaren goiko aldean. Gurutzeak 1941eko data darama. Itxura guztien arabera, karobiaren eraikuntza baino geroagokoa da.

Nerea Villak egindako txostenean irakur daiteke lan neketsua eta luzea izanik baserri batek baino gehiagok hartzen zuela parte ekinaldi bakoitzean, eta lortutako karea aurretik eginiko  hitzarmenaren arabera banatzen zela. 

Udalak, orain, txukundu egin du karobi ingurua, eta karobiaren inguruko azalpenak ematen dituen informazio panela ipini dute bertan, nahi duen orok bisita dezan. 

Miraballesko karobia frantsesa edo arragoa bada, karobi arkuduna edo zakarrezkoa deiturikoa ere badugu Elgetan. Antsuategi baserrian gora Intxorta mendirako bidean joanda aurkituko dugu. 

Errotak ere ugari 

Herriko landa eremuan egindako inbentario horretan atentzioa eman du zenbat baserri dauden jausita, baita Elgetako lurretan eraikia izan zen errota kopuruak ere. Aixola auzoan, esaterako, zortzi bat errota egon zirela jaso du Villak txostenean. Auzoko etxeetarako argindarra sortzeko erabiltzen ziren errota horiek, eta auzoa autonomoa zen zentzu horretan. Errota horietako asko ur azpian geratu ziren urtegia egiterakoan.

Gaur egun Elgetako lurretan ez dago errotarik martxan. Orain dela urte batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntza eman zuenLagun Artea errota zaharberritzeko. Egin ziren berritze lanak, baina apenas joaten da inor bertara. 

Mendi bideen inbentarioan, bestalde, deigarria da Zezeaga baserrian gora joanda dagoen Zorrondoko errotaren inguruko informazioa. "Beizuko eta Lasarteko errekek bat egiten duten lekuan Zorrondo errota dugu. Garai batean, garia eta artoa xehatzeaz gain, argindarra ere sortzen zuten bertan". Errota egoera txarrean dago. Eraikina zutik dago, baina, teilatua mantendu arren, erdiko solairua jausita dago. Txostenean jasotzen denez, Francisco Elkoro Egurenek eraiki zuen 1898an Arantzeta auzoko beharrei erantzuna emateko. Albitxu baserriak eta Egoetxeagako bi etxek ere erabiltzeko eskubidea zuten. 1936-1960 urte bitartean errotaren jabegoa Sociedad Electra Danok Bat elkartearena izan zen, eta hortik aurrera Felix Oiangurenen esku egon zen. Errota 1980ko hamarkadan utzi zuten.

-----------------

Eguneratuta mugarrien gaineko informazioa

Elgetako herri-bideen inbentarioarekin batera herriko mugarrien gaineko txostena eginda utzi du Nerea Villa elgetarrak. Elgetak lau herrirekin egiten du muga: Elorrio (hamabost mugarri), Bergara (hamabi mugarri), Eibar (sei mugarri) eta Zaldibar (sei mugarri). Txostenean mugarri bakoitzak fitxa bat dauka, non bere kokapenaren inguruko koordenatuak, ezaugarri fisikoak, kontserbazio egoera eta argazkia —lortu izanez gero— ikus daitezkeen. Udalak ez ditu mugarri guztiak lokalizatu. Gutxi batzuek aurkitzeke jarraitzen dute, baina ahalegin horretan ezinbestekoa izan da baserritarrengandik jasotako laguntza. Sasi eta lar artean zeuden mugarri asko lokalizatzen laguntza handikoak izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak