Altzelaik eta Irribarriak jantzi dituzte txapelak Elgetan

Julen Iriondo 2012ko uztailaren 2a

Urbieta (9 eta 22) eta Altuna (13 eta 22) hartu zituzten mendean, lau t'erdikoaren 36. edizioan, azkena izan daitekeenean. Juan Luis Uberaren taldeak utzi egingo dio antolatzeari, eta ordezkorik ez dago oraingoz.

Xabier Urbietak ibilbide ederra egin du aurtengo Elgetako lau t'erdiko pilota txapelketan –aurkari gogorrei irabaziz, Elezkano II.a faboritoari, adibidez– eta ez zuen halako amaierarik merezi; baina finalean, urduritasunak eraginda-edo, blokeatu egin zitzaion gorputza –arnasa hartzeko arazoak zituen– eta ez zen Julen Altzelairi lanik emateko gai izan. 4 eta 3ra arte iraun zuen parekotasunak, baina handik aurrera kontatzeko ezer gutxi. 9 eta 22 irabazi zuen Altzelaik.


Irribarriaren ezkerra
Markagailuari begiratuta, kadeteetan ere ez zen emozio larregi izan amaiera aldera, baina parekotasunak gehiago iraun zuen kantxan, partidu erdira arte bai behintzat.
Iker Irribarriak 13 eta 22 irabazi zion Jokin Altunari. Aramakoak nagusigo handia erakutsi zuen ezkerrez, eta huts gutxi egin gainera.

Kolpean zegoen desberdintasuna saiatu zen Altuna amezketarra jokaldi ederrekin orekatzen –tanto politak eginez–, baina ez zen nahikoa izan. 9 eta 11 egon ziren arren, lau tanto gehiago baino ez zituen egin Altunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak