Indarrekin heldu diete elgetarrek aurtengo Ferixa Nagusiko jaiei

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uzt. 2a, 12:29

Paella janean 600 lagun eta inoiz baino mozorro gehiago, festetan. Ferixa Nagusixak ere herri bertako jendea eta inguruetakoa erakarri zuen, eguraldiak askorik lagundu ez arren.

Eguenean hasi zituzten Ferixa Nagusiko jaiak elgetarrek eta atzora arte ez dute atsedenik izan. Festak Mozorro Egunarekin hasi zituzten, eta aurten, gainera, inoiz baino jende gehiago animatu da mozorrotuta irtetera. Botswanatik etorritako elefanteak eta ehiztariak, Benidormera zihoazen jubilatuak, arraunlariak, Bob Esponja... denetarik izan zen.

Barikuan, Ume eta Erretiratuen Egunean, gaztetxoenak pozik ibili ziren puzgarrietan eta erretiratuen bazkarian 100 lagun elkartu ziren. Gauean Oihan Vegarekin eta zapatuan Eganekin herriko plaza bete egin zen eta guztiak dantzan jarri ziren.

Zapatuko dantzen aurretik, baina, eguerdian urteroko hitzordua den asto karrera egin zuten: Mikel Beretxinaga izan zen garaile, seigarren urtez. Eta horren ostean, 16 haur jaioberriri ongietorria egin zieten udaletxean. Paella eta saiheski janean 600 lagun elkartu ziren eta herritarrak domekarako oraindik indarrez zeuden Ferixa Nagusirako. 26 idi pare izan ziren bestelako postuez gain, eta herriko nahiz kanpoko jendea izan zen, eguraldiak askorik lagundu ez arren.

Intxortako Lehoiak lagunarteak urteroko karretillakada zozketatu zuen eta hauxe da zenbaki sariduna: 696; ordezkoa, berriz, 1.014.

Balorazio positiboa

"Pozik gaude, giroak lagundu ez arren, uste dut elgetarrek indarrekin heldu dietela jaiei" azaldu zigun Oxel Erostarbe alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak