Astelehenean, jaien biharamunean zabalduko dituzte ateak uztaileko udalekuek. Astelehenetik barikua hamaika ekintzarekin gozatzeko aukera izango dute neska-mutikoek. Dinamizatzaileek eguaztenean egin zuten gurasoendako informazio bilera, eta bertan lau asteotarako prestatu duten programazioaren berri eman zuten. Azaldu zuten haurrak hiru taldetan antolatu dituztela; txikiak, ertainak eta handiak eta ekintzak adinaren araberakoak izango direla.
Bost dinamizatzaile
Mireia Andreu, Kepa de Vega, Leire Ibaibarriaga, Oihane Arazkonaga eta Saioa Laka izango dira aurten dinamizatzaileak. 9:00etan zabalduko dute ludoteka egunero, baina malguak izango dira eta harrera 10:00 bitartean egingo dute. Gurasoek 13:00etan jaso beharko dituzte haurrak ludotekatik.
Askotariko ekintzak
Aste bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute; Elgeta gure herrixa, Munduko koloreak, Naturarekin bat eta Dantzatu eta birziklatu. Ekintza ugari ludotekatik kanpo egingo dituzte, hala Asentzion, Bastarrikan, Sanrokeosten edo Egoarbitzan ikusiko ditugu aurten udalekuetako haurrak. Batukada eta bideoklipa ere egingo dituzte, eta ez dira faltako urteroko entzierroa, ur putzuak, irteera edo amaierako festa.