Estali dute Salbadorko bolatokia eta arauzko neurriak izango ditu

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko ekainaren 28a

Asteon jaurtiketan boloak jo behar duen ola ipini dute.

Amaitu barik daude oraindik, baina martxa onean doaz Salbadorko bolatokiko lanak. Auzolanean ari dira bolatokia txukuntzeko ahaleginean, eta dozena erdi bat lagunendako ia eguneroko topalekua bihurtu da Salbador ermita ingurua.

Maiatzean hasi zituzten lanak, eta dagoeneko eginda dago teilatua. Asteon ola ipini dute. "Egurrak sendoa behar du eta haritza ipini dugu", adierazi du Juan Luis Arizmendiarrieta auzotarrak. Lan delikatua da eta nibelarekin makina bat buelta eman ostean azkenean lortu zuten ola ondo nibelatzea. Porlana bota diote buelta guztian ondo finkatuta gelditu dadin.

Arauzko neurriak

Behin egiten hasita arauzko neurriak eman dizkiote bolatokiari. "Luzera handiagoa eman behar izan diogu", esan du Arizmendiarrietak. Hala, mendiari lurra kentzeko harkaitza porrarekin apurtu behar izan dute. Hasiera bateko asmoa bolatokia estaltzea bazen ere, azkenean hormak eta txirloen kokalekura iristeko eskailerak ere egingo dituzte. Zalantza barik Salbador eguna berezia izango da aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak