Durangalde Racing taldeak antolatuta, Euskadiko txapelketarako puntuagarria den Bizkaiko Behatokiko Rallya jokatuko da bihar, zapatua. Erlojuaren kontra neurtzeko bost zati izango ditu lasterketak. Goizean bi zati egingo dituzte lasterkariek, baina Bizkai aldean ibiliko dira. Arratsaldean gerturatuko dira autoak Elgetara. Erlojuaren kontrako hiru zati egin beharko dituzte, eta hirurak igaroko dira Elgetako lurretatik.
Zirkulazio mozketak
Rallya dela-eta Elgeta inguruko zenbait errepide itxi egingo dituzte bihar. Elorriotik Elgetarako errepidea itxita egongo da 15:00etatik 19:30ak arte, eta Angiozartik Kanpanzarrerako bidea 16:00etatik 20:30ak bitartean. Zirkulazioan eragin txikiagoa izango du, baina Elgeta eta Soraluze arteko bidea ere itxita egongo da 15:00etatik 20:00etara.
Ikusleendako gomendioak
Elorrio-Elgeta igoera izango da lehenengoa, 15:55ean; jarraian, 16:15ean hasita, Elgeta-Soraluze egin beharko dute; eta azkenik, 17:00etan hasita Angiozar-Kanpanzar. Antolatzaileek Asentzioko zatia gomendatu diete ikusleei. Autoak kanpoan aparkatzeko eskatu dute, zaborra ondo kudeatzeko, apurketarik ez egiteko, eta lasterketa ikusteko leku segurua aukeratzeko; "Hobe bi metroko altueran bada", adierazi dute.