Durangalde Racing taldeak antolatuta Euskadiko txapelketarako puntuagarria den Bizkaiko Behatokiko rallya jokatuko da zapatuan, hilak 23. Erlojuaren kontra neurtzeko bost zati izango ditu lasterketak. Goizean bi zati egingo dituzte lasterkariek, baina Bizkaia aldean ibiliko dira. Arratsaldean gerturatuko dira autoak Elgetara.
Erlojuaren kontrako hiru zati egin beharko dituzte arratsaldeko saioan, eta hirurak igaroko dira Elgetako lurretatik. Elorrio-Elgeta igoera izango da lehenengoa 15:55etik aurrera. Jarraian, 16:15ean hasita, Elgeta-Soraluze egin beharko dute dute, eta azkenik, 17:00etatik aurrera Angiozar-Kanpanzar. Bi aldiz egingo dute zirkuitua osoa autoek.
Antolatzaileek Asentzioko zatia gomendatu diete ikusleei. Autoak kanpoan aparkatzeko eskatu dute, zaborra ondo kudeatzeko, apurketarik ez egiteko, eta lasterketa ikusteko leku segurua aukeratzeko; "Hobe bi metroko alturan bada", adierazi dute.
Zirkulazio mozketak
Rallya dela-eta Elgeta inguruko zenbait errepide itxi egingo dituzte zapatu arratsaldean. Elorriotik Elgetarako errepidea itxita egongo da 15:00etatik 19:30ak arte, eta Angiozartik Kanpanzarrerako bidea 16:00etatik 20:30ak bitartean. Zirkulazioan eragin txikiagoa izango du, baina Elgeta eta Soraluze arteko bidea ere itxita egongo da 15:00etatik 20:00etara. Ordutegi horiek finkatu dira, baina baliteke atzerapenak egotea.