Herri Eskolako artista gazteek hartu dute Espaloia kafe antzokiko eszenatokia eta haien guraso, izeba-osaba eta aitona-amonek bete egin dute aretoa. Zu bai artista izeneko ikuskizuna eskaini dute epaimahai eta guzti, eta adinka antolatuta dantzan eta kantuan egin dute guztiek.
Haur Hezkuntzako neska-mutikoek San Petrike eta Txulalai dantzak eskaini dituzte. Jarraian lau eta bost urteko gelako haurrek kantu bat egin dute ingelesez. Lehen Hezkuntzako haurrek, berriz, dantzan egin dute eta surf egiten ikusi ditugu lehen eta bigarren mailako ikasleak. Hirugarren mailakoek All my people dantzatu dute; laugarren mailakoek We found love; eta bosgarren mailakoek Ma Chérie.
Ikuskizunean epaile lanak egin dituzten eta aurten ikastetxea uzten duten seigarren mailako neska-mutikoek ere dantzan egin dute. Ez hori bakarrik, agur bertsoak abestu eta txirula ere jo dute. Bosgarren mailakoek agur polita eskaini diete; maindire bat zabaldu dute non Seigarren maila, faltan botako zaituztegu ipintzen zuen.
Emanaldiari amaiera emateko eskolako ikasle guztiek batera Mantuxa izeneko kantua abestu dute, eta guztia hain ondo atera denez saria ere jaso dute. "Ekainaren 22an bazkari berezia eta bi hilabeteko oporrak" ipintzen zuen opari-txartela jaso dute.
Agurra Nerea Arantzeta irakasleari
Ikasturte amaierako ikuskizuna berezia izan da Nerea Arantzeta irakaslearendako. Aurten hartzen du erretiroa elgetarrak, eta isilean gordeta omenalditxoa zuten prest ikasleek. Berarendako izan da ikuskizuneko lehenengo aipamena. "Ikuskizuna hasi aurretik Nerea gure irakasleari bertso bat abestu nahi diogu gurekin eskolan urte asko pasa ondoren erretiroa hartzen duelako", esan dute aurkezleek. Elgetako ingeleseko irakaslea izan da Arantzeta urteetan. Ikasleek erakutsitako guztia eskertu diote bertsotan, eta lore sorta ere oparitu diote.