Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jakinarazpenak jasotzen ditu taldeak antolatzeko irizpideak, eta dokumentu horren arabera 2012-2013 ikasturtean Elgetako Herriko eskolak 1,63 irakasle gutxiago izango ditu. Ikasleak, berriz, bost bat gehiago izango dira, izan ere, 11 eskolaratze berri aurreikusten dira irailean bi urteko gelan.
Unitate bat gutxiago
Irakasle bat eta erdi gutxiagorekin egokitzapenak egin beharko dituzte ikastetxean, eta ikasturte honetan lehenengo aldiz banandutako Lehen eta Bigarren mailak talde bakarra izatera itzuliko dira. Hala, irailetik aurrera 22 ikaslek osatuko dute talde hori; lehen mailako zazpi ikaslek, eta bigarren mailako hamabost ikaslek.
Hezkuntza Sailak, bestetik, kendu egin du Elgetako Herri Eskolako musika irakasle postua. Hala, orain arte funtzio hori bete duen Arantxa Esparzak Lehen Hezkuntzako irakasle lanak egingo ditu datorren ikasturtean. Ikastetxetik ahalegin handia egin dute datorren ikasturtean musika eskolekin jarraitzeko, eta topatu dute irtenbide bat. Hezkuntza Sailak, bestetik, mantendu egin du aholkulari postua.
Eta jangela zerbitzua 0,60 zentimo garestiagoa izango da hurrengo ikasturtean. Ohiko erabiltzaileek 4,60 euro ordainduko dute otorduko, eta ez ohiko erabiltzaileek 5,20 euro. Interesatuek zerbitzuaren eskaera berritu behar dute.
Murrizketak Haurreskolan ere
Elgetako haurreskolan ere murrizketak aurreikusten dira. Bi plaza finkoetatik bat kendu egin dute, eta Eneritz Vazquezek ez du datorren ikasturtean Elgetan jarraituko. Bere ordez plaza finkoa ez duen langile bat ariko da herriko haurreskolan; ikasturtetik ikasturtera aldatzen joan daitekeen hezitzailea, alegia. Uneotan haurreskolak bederatzi erabiltzaile ditu, eta irail hasierarako zazpi espero dituzte.