Gaur eguerdian urduri jaitsi dira eskolako umeak Espaloian egin duten entsegu orokorrera. Asteak dira ikuskizuna osatuko duten dantzak eta kantuak taldeka prestatzen ari direla eta gaur egin dute lehenengo entsegua emanaldia egingo duten espazioan; Espaloian, alegia.
Jon Arozena eta Nikol Baro izango dira aurten saioko aurkezleak, eta seigarren mailako neska-mutikoak epaile lanak egingo dituzte. Haur Hezkuntzako neska-mutikoek bi dantza egingo dituzte, eta 4-5 urteko gelakoek kantu bat abestuko dute ingelesez. Hortik aurrera, pil-pilean dauden kantuekin osatu dute programa eskolakoek, eta dantzan zein kantuan egingo dute bihar, barikua, 15:00etan Espaloira hurbiltzen diren guztiendako.
Lehen entsegua
Gaurko entsegua ondo joan da. Eszenatokian lekua hartzen ikasi dute, baita ozen egin behar dela kantuan ere. Aurkezleek ere mikroak eta gainerakoak probatu dituzte, eta audio lanetan ariko den Emma Igartuak ere hartu ditu apunteak.
Bihar goizean berriz jaitsiko dira Espaloira azken entsegua egitera. Guztiak gertu beharko du 15:00etarako. Gonbitea luzatuta dago.