Jaien batzordeak prest dauka Ferixa Nagusiko egitaraua

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko ekainaren 8a

Egunotan ipiniko dituzte salgai jaietako errifak eta bazkarietako txartelak

EGITARAUA OSORIK

Hiru aste eskas gelditzen dira 2012ko Ferixa Nagusiko jaietarako. Jaien batzordeak gertu du egitaraua. Egoera ekonomikoak eraginda aldaketa txiki batzuk egongo dira, baina orokorrean batzordeak mantendu egin ditu hitzordu gehienak.

Jaiak ekainaren 28an, eguena, hasiko dira. Kanpai hotsa, etxafleruak eta mozorro jaitsiera izango ditugu 19:30ean hasita. Jaietako batzordeak Mozorro egunerako aurten aukeratutako gaia 'Marrazki bizidunak' da. Gai zabala da nork bere gustuko mozorroa prestatzeko. Jaietako lehenengo egun honetan Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute gaua, eta afaria gaztetxean egingo da; TrikiKupela afaria izango da aurten.

Barikua, hilak 29, Umeen eta Erretiratuen eguna izango da. Erretiratuen bazkarirako txartela 10 euro da, eta Ugari dendan zein Goikoetxea harategian salduko dituzte. Umeen bazkarirako txartelak, berriz, Julianen kioskoan egongo dira salgai astelehenetik aurrera. Haur eta gurasoendako erromeria egongo da aurten, eta Jon Urbietak egingo du. Gaueko dantzaldia, berriz, Oihan Vega DJ-ak egingo du.

Herri eguna Egan taldearekin

Bere hitzordu guztiekin dator aurten zapatuko Herri eguna; esna deia, koadrilen hamaiketakoa, asto karrera, jaioberriei harrera, paella erraldoia —txartelak astelehenetik Julianen kioskoan salgai—, zezenak, bolo txapelketa eta suzko zezena. Egan taldeak girotuko du Herri eguna. Iazko arrakasta ikusirik arratsaldeko lehen ordutik ariko da Xabier Saldiasen taldea aurten. 16:30ean hasiko dute emanaldia, eta gaueko ordu txikiak arte ariko dira plazan. Intxortako Lehoiek, bestalde, sardinak erreko dituzte 20:30ak bueltan.

Ferixa Nagusia

Domekan, uztailak 1, 25 idi pare izango dira azokan eta makina salmenta postu. Jaiei amaiera emateko Arantxa eta Pantxoren rantxerak izango ditugu Herriko plazan, baita gaztetxekoek egindako txitxiburduntzia ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak