Carlos Urquijok ez ditu Legebiltzarrean Elgetako maniobra militarren inguruko azalpenak eman beharko

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko ekainaren 5a

Oxel Erostarbek egindako eskaerari ezezkoa eman diote Herrizaingo batzordean alderdi popularreko eta sozialistako ordezkariek.

Zortzi boto Carlos Urquijori etortzeko eskaera egitearen alde, eta bederatzi eskaera ez egitearen alde. Horrela amaitu zen atzo Herrizaingo batzordean egindako bozketa.

Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuko delegatua da Carlos Urquijo, eta apirilaren 24an Elgetan egindako maniobra militarren harira Legebiltzarrean azalpenak ematea nahi zuen Oxel Erostarbe alkate eta legebiltzarkideak.

Eskaera, azkenean, ez zen aurrera atera. Batzordean 18 ordezkari daude. Kontrako botoa eman zuten alderdi sozialistako eta popularreko ordezkariek eta aldekoa Aralar eta alderdi jeltzalekoek. Batzordean EAko ordezkaria falta zen. Berdinketa kasuan boto ponderatua aplikatuko zen, eta ezezkoak egingo zuen aurrera. "Nahiz eta batzordeak eskaera onartu, Urquijo ez zen azalpenak ematera joatera behartuta egongo baina alderdi sozialistako eta alderdi popularreko ordezkariek nahiago izan dute Urquijo ataka horretan ez jarri", adierazi du Mikel Basabe legebiltzarkideak.

Udalak Deklarazio Instituzionala

Gai honekin lotuta Elgetako Udalak lau puntuko deklarazio instituzionala onartu zuen aurreko osoko bilkuran. Besteak beste, maniobren aurrean kontrakotasuna agertu, ekintza probokazio larritzat eta irain justifika ezintzat jo eta Espainiar Estatuak Euskadin duen ordezkariari azalpenak eskatzen dira.

Deklarazio Instituzionala osorik

1937ko apirilak 24an Francoren tropa faxistek gure herria hartu zuten. 75 urte beranduago, 2012ko apirilak 24an, Espainiako Estatuko armadak maniobrak egin zituen gure herrian. Gertaera larri honen inguruan hurrengo deklarazio instituzionala onartu du Elgetako Udalak.

1. Elgetako Udalak bere kontrakotasuna agertu gura du Francoren tropa faxistek gure herrian hartu zuten 75. urteurrenena betetzen zen egun berberean Espainiako Estatuaren armadak Elgetan maniobrak egin zituelako.

2. 1937ko apirilaren 24an fusilamenduak, bortxaketak eta beste hainbat jazarpen jasan genituen elgetarrok. Gertaera horiek gogoratzen ari ginen egunetan armatutako militarrak gure kaleetara eta basoetara maniobrak egitera etorri izana probokazio larria da; Gerra Zibilean horrenbeste sufritu zuten elgetarrentzako eta euren familiei eginiko irain justifikatu ezina.

3. Kontuan hartuta apirilaren 24ak gure herriko historian duen garrantzia, Elgetako Udalak Espainiar Estatuak Euskadin duen ordezkariari eskatu gura dio argitzeko nork egin zituen maniobrak.

4. Militarrik gabeko Euskal Herri bat gura dugu. Horregatik, Espainiar Estatuari eskatu gura diogu bere armada eta indar polizialak gure herrietatik urrun ditzala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak