Udal arduradunek hiru aurrekontu izan dituzte mahai gainean, eta erabakia izan da aurretik lanok egiten diharduen Goitu enpresarekin jarraitzea. Bigarren fase honetan frontoi zaharra berrituko dute. Une honetan frontoiari teilatua ipintzeko lanetan ari dira Goituko beharginak. Kenduta daude barruan zeuden komunak eta eraikina guztiz habetuta dago barrutik. Gauzak ondo bidean langileek aurreikusten dute teilatua datorren astean botatzea. Hala, behin lurra botata teilatuaren gainean plazatxo edo begiratoki moduko bat sortuko da.
Eskailera berriak
Bigarren fase honetan, bestalde, eskolatik Espaloira jaisten diren eskailerak kendu egingo dituzte. Eremu horretan eskailera berriak egin behar dituzte, hala zaharrak kendu egin behar dira. Eskailera berriek ez dute gaur egungoek duten norabide berdina izango; Bergararantz jaitsi beharrean Anaietxe alderantz izango dute jaitsiera.
Aurrekontua 177.154 euro
Bigarren faseko lanok 177.154 euroko aurrekontua dute. Udala bi dirulaguntzaren zain zegoen lanon fase berriari argi berdea emateko. Erein programatik etorri da aukera; iturri honetatik Elgetara 199.562,89 euro iritsiko dira Domingo Iturbeko proiektua finantzatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko dirulaguntzak gelditzen dira orain esleitzeko. Garrantzitsua izango da lanen hirugarren fasea egiteko Hezkuntza sailetik ere dirulaguntzak iristea.