Elgetako udalak herri-bideen inbentarioa egin du, eta prest du herriko 61 bide jasotzen dituen dokumentua. Orain, lurjabeen parte-hartzea behar du inbentarioan egon daitezkeen akatsak zuzentzeko. Garrantzitsua da lurjabeak udaletxetik pasatzea; inbentarioan jaso diren datuak ondo dauden egiaztatzea eskatzen zaie, izan ere, dokumentua bideen mantenua nori dagokion zehazteko erabiliko dute, besteak beste. "Auzolanean garbitzen ditugu herri-bideak eta gertatzen da lagun gutxi agertzea. Asmoa da bideak auzolanean garbitzera etortzerik ez duten erabiltzaileei diru kopuru bat kobratzea", esan du baserritarren batzordeko burua den Patxi Basaurik.
Lurjabeen inbentarioa
Azaroan hasi zen Nerea Villa elgetarra herri-bideen inbentarioa egiteko lanetan. Foru Aldundiaren Gipuzkoako Landa Bideen Inbentarioa eta Mendi Nekazaritzaren Plana erabili ditu oinarrizko dokumentazio moduan, baina ez da nahikoa izan, eta bide gehienetara joan behar izan du informazioa osatzera.
Argazkiak atera, bideen luzera, zabalera eta azalera neurtu, GPS koordenadekin kokapena zehaztu... bulegotik kanpoko lan handia eskatu du inbentarioa egiteak, eta ondotik etorri da bide horien guztien erabiltzaileen zerrenda egin ahal izateko artxiboko lana.
Lurjabeen inbentarioa den bigarren dokumentu hori ere gertu dute udaletxean; partzela ezberdinen lurjabeen izen-abizenak jasotzen ditu. Udalak, orain, interesatuen parte-hartzea eskatzen du datu horiek guztiak kontrastatzeko.
Bide zaharrak desagertzear
Elgetako herri-bideetan hainbeste denbora eman ostean datu kurioso ugari batu ditu Villak eta informazio hori guztia osatzea gustatuko litzaioke. Desagertuta edo desagertzear dauden elizbideak, gurdibideak eta oinbideak zerrendatu ditu. Momentuz 33 dira eta Villak informazio hori osatzeko laguntza ere eskatzen die herritarrei.