Apirilaren 16tik dago martxan Eibar eta Elgeta lotzen dituen taxibus zerbitzu berria. Balorazio ofizialik ez badago ere datua esanguratsua da; 298 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak lehenengo hilabetean.
Maiztasuna handitu izana izan daiteke herritarrek emandako erantzunaren arrazoietako bat; aste barruko egunetan zazpi zerbitzu daude Eibarretik Elgetara, eta beste zazpi Elgetatik Eibarrera. Zapatu eta jai egunetan, berriz, lau zerbitzu ditugu gora eta beste lau behera. Orain, gainera, erabiltzaileak ez daude zerbitzua aldez aurretik eskatzera derrigortuak. Hasiera batean planteamendua zen beharrezkoa zela Lurraldebus txartelaren jabe izatea, eta zerbitzua 24 orduko aurrerapenarekin eskatu behar zela telefonoz.
Elgeta-Bergara zerbitzua
Eibar-Elgeta taxibus zerbitzuak erabiltzaileak dituela ikusita pentsatzekoa da laster iritsiko dela herritarrek Diputazioari eskatutako beste taxibus zerbitzua; Elgeta eta Bergara lotzen dituena, alegia.
Udalak herritarrekin batera landutako ordutegi proposamenaren berri badute Diputazioan. Foru Aldundiak du orain azken hitza.