'Pablo Uranga, el bohemio de Elgueta' izeneko erakusketa zabaldu dute Gasteizen

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 22a

Elgetan finkatutako margolari gasteiztarraren margolanak elkartu dituzte Arabako Arte Eder museoan; irailaren 16ra arte egongo da bilduma ikusgai.

1898tik 1906ra bizi izan zen Elgetan Pablo Uranga margolari gasteiztarra, eta makina margolan egin zituen Elgetako jaiak eta ospakizun erlijiosoak gai hartuta. Margolan horietako asko elkartu ditu orain Arabako Arte Eder museoak, eta lau hilabetez izango ditu ikusgai.

Guztira 70 margolan dira, eta erakusketako komisarioa den Ana Arregik esan duenez asko ezezagunak dira. "Beste museo batzuk erakusketarako lagatako lanak dira asko, baina okasio honetarako partikularrek utzitako obrak ere badaude tartean. Aukera paregabea da Pablo Urangaren obra elkartuta ikusteko", adierazi du.

Gasteizen jaio zen Uranga eta formazio klasikoa jaso zuen jaioterrian lehenengo eta Madrilen eta Parisen jarraian. "Gauzak bide honetan joaten hasi zirenean bat batean etxera bueltatzea erabaki zuen, eta Elgetan hartu zuen bizilekua. Elgeta bere "erretiro espirituala" izan zela dio Agirrek, "bere babestokia". Hala, Elgetako jaiak eta ospakizun erlijiosoak margotzen hasi zen.

Elgetan ere gogoan dute Pablo Uranga. Artistari eskainitako oroigarria dago San Roke kalean; Urangaren aurpegiaren errepresentazioa jasotzen duen brontzezko irudi txikia, alegia.

Elgeta Urangaren obran

Arabako Arte Eder museoak Urangaren obra ugari ditu bere bilduman, tartean dago La procesión en Elgueta izeneko margolana. Erakusketan, bestalde, Bilboko Arte Eder museoaren bildumakoa den Prueba de Bueyes en Elgueta margolana dago ikusgai, baita Juego de bolos, Paisaje con la figura de un guardia civil —non Domingo Iturbe agertzen den—, eta erakusketari izena ematen dion El bohemio de Elgueta margolanak. Azken hori Urangak bere buruari Elgetan egindako erretratua da.

Erakusketan En el campanario de Elgueta obra falta da. "Ez dugu aurkitu", esan du Agirrek. "Ustea da lan hori Argentinara eramango zuela Urangaren obra kudeatzen zuen Andres Garmendiak". Arabako kultura diputatua eta jatorriz elgetarra den Itziar Lamarainek esan du nekez errepikatuko dela Urangaren obra elkartuta ikusteko aukera. "Urangaren margolanekin gozatzeko aukera paregabea da; lau hilabete barru lan hauek guztiak sakabanatu egingo dira berriz ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak