Elgetarrek kantu-jaia egin zuten Oskorri eta The Pub Ibiltariarekin

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 21a

Parrokiako abesbatzakoek euren emanalditxoa egin zuten; umeen artean ere nabaritu zen kantuak eskolan landuak zituztela.

ARGAZKI GALERIA

Euskal kantutegi herrikoiaz gozatu zuten egubakoitzean Elgetako Espaloia Kafe Antzokian elkartu ziren herritarrek. Oskorri taldea The Pub Ibiltaria proiektuarekin etorri zen Debagoienera eta ikusleak zutik eta kantuan ipini zituen. Kontzertu herrikoia izan zen, oso elgetarra, izan ere, elgetarrak ziren entzule gehienak, ume, heldu zein nagusiak. Natxo de Felipek abesbatza bat bailitzan zuzendu zuen ikuslegoa, eta jendeak bikain erantzun zuen euskal kantutegiko kantuak abestuz eta, kasu askotan, interpretatuz ere bai.

Musikari talde ederra izan zuen De Felipek lagun; kitarrarekin, kitarra elektrikoarekin, biolinarekin eta flautarekin osatutako taldea, hain justu. Bost musikari taula gainean, eta, hain gutxi izanda, harritzekoa zen zelako soinu ona sortzen zuen talde txikiak.

Protagonistetako batzuk eskolako ume eta gaztetxoak izan ziren, 27 bat. Txalo zaparradaz egin zioten ongietorria Laztozko zubixe kantu zaharrari. Hori bakarrik ez, abestu ere bikain eta ozen abestu zuten Oskorrirekin batera. Kantuak prestatu zituzten aurretik, eta gogoz jardun zuten. Txalo asko jaso zituzten ere herriko parrokiako abesbatzak. Agertokira igota kantatu zuten Ene, izar maitea abestia.

Ardoaren alde edo kontra

Herritarrak parte hartzeko gogoarekin joan ziren, eta hala erakutsi zuten. Esaterako, Ardo Gorri Naparra abestian, ikuslegoan bi talde egin zituen Oskorriko zuzendariak. Aretoaren alde batean eserita zeudenak ardoaren aldekoak ziren; beste aldekoak, berriz, ardoa gustuko ez dutenak. Guztien artean dotore abestu eta antzeztu zuten abestia. Gaztaina erre, Aita Donostiaren Gaskoniara bidean, Ziburutik Sarara, Roxali… jo eta proposatzen zizkien Pub Ibiltariak entzuleei, eta haiek, pantaila erraldoi bateko letrek lagunduta, denak abestu zituzten. Azkenean, zutik, txaloekin saritu zituzten Oskorri eta Pub Ibiltaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak