Hasieran igoera bertan behera uztekotan zebiltzan, eguraldi txarrarengatik, baina azkenean, herrikideek animatuta, Asentzion urteroko jaiarekin aurrera egin zuten antolatzaileek, Elgetako Gaztetxekoek, atzo. 11:30 inguru igo ziren Asentziora; jan-edanak ipini zituzten –freskagarriak eta ardoa eta mokadutxoa–, meza egon zen ermitan, Angiozarko parroko Leonardo Esnaolak esanda, eta 13:00ak aldera arte egon ziren hantxe goiz-pasa adin guztietako 25 bat lagun: gaztetxekoak, familiak umeekin, edadetuak…
Uste baino jende gehiago
Beste urte batzuetan baino jende gutxiago espero zuten, baina azkenean, uste baino talde handiagoa batu zen auzoko jaia ospatzera. Janire Lazkano antolatzaile taldeko kidea pozik azaldu da, azkenean "tradizioari eutsi" ahal izan diotelako beste behin ere.
Aurten, ez dute umeendako ekintza berezirik egin, izan ere, Mundumira jaia zegoen aste bukaeran, eta hark umeak dituzten familia gehienak erakarriko zituela pentsatu zuten antolatzaileek.
Etxafuego eta guzti
Aurten, Angiozar bailarako batzarrak elgetarrekin batera ospatzeko dei eginda zuen, eta angiozartarrak ere igo ziren atzo Asentziora, jaia ospatzera; etxafuegoak ere bota zituzten.