Oihana Kortazar, zorionak!
Eskerrik asko.
Bazenion zaila izango zela iaz eskuratutako txapela lortzea, hala izan da benetan?
Zaila izan da, bai. Lasterketan nahiko elkartuta joan gara, eta gailur-lerroan, Arbelarreko jaitsiera baino lehen, Eskoziako Laurent Jeskak aurrea hartu eta bi minutuko aldea atera dit. Gailur-lerroan behera nahiago izan dut ez arriskatu, oso-oso arriskutsu zegoen lurra, eta jausi eta min hartu baino lehen, konfiantza izan dut Oltzako bueltan berreskuratuko nuela galdutako denbora. Hara iritsi naizenean nahiko indartsu sentitzen nintzen, eta igotzea gustuko dudanez, Andraitzeko igoeran harrapatu eta aurreratu egin dut Jeska, eta azken 12 kilometrotan atera diot distantzia. Berari egindako ahaleginak faktura pasa diola dirudi, ze laugarren iritsi da helmugara.
Pozik zaude egindako denborarekin?
Bai, ze gaur ez zen erlojuari begira ibiltzeko eguna. Eguraldi oso-oso eskasa egin du, eta ez zen markak hausteko eguna.
Beraz, eguraldiak baldintzatu egin du gaurko proba.
Zeharo baldintzatu du lasterketa. Lurra oso-oso arriskutsu zegoen. Eroriko asko egon dira; ni neu ere jausi egin naiz. Munduko zapatilarik onenak eramanda ere zaila zen. Horrexegatik heldu da momentu bat nahiago izan dudala ez arriskatu. Ze min hartu izango banu, gero geldi egon behar eta hurrengo hitzorduak…
Espainiako kopa duzu hurrengo hitzorduetako bat…
Bai, ekainaren 16an, Lanzaroten. Orain baditut deskantsurako egun batzuk, nahiz eta entrenatu ere egin beharko dudan, eta esandakoa, gaur jausi izan banintz ba geldi egon beharko nintzateke, eta hori ez nuen nahi.
Edozelan ere, gaurkoaren ostean indarberrituta aterako zinen, ala?
Bai. Aurtengo helburuetako bat Zegama irabaztea zen, eta lortu dut. Helmugara sartzerakoan nuen poz aurpegiak erakusten du zela sentitu naizen.
Zure zuzeneko arerioak diren Frost, Brizio eta Favre ez egoteak lagundu dizu gaurkoan?
Ez, ze beste arerio gogor batzuk re baziren eta beldur nintzen, ze haien kontra sekula egin barik nengoen eta ez nekien zer gertatuko zen. Helmugara iristean neuzkan zalantzak argitzea lortu dut.