Lorea Larrañaga: "Elizako organoaren doinuarekin maitemindu egin nintzen, ederra da"

Mireia Bikuña 2012ko maiatzaren 20a

Lorea Larrañaga eibartarra da jaiotzez, baina Elgetan bizi da azken 10 urteetan. Hango abesbatzako kide da, baina gehienok ezagutzen dute elizako organoa jotzen duelako. Musika maite duela esan digu. Musika eskolak eman eta hartu egiten ditu Bergarako musika eskolan. Elgetako elizan egin dugu hitzordua harekin.

Nolatan heldu zinen Elgetara?

Eibarren bizi ginen senarra eta biok, eta aldatzea erabaki genuen. Senarraren gurasoak elgetarrak dira eta hark familia zuen hemen. Orain dela 10 urte etorri ginen, eta oso gustura gaude.

Aldaketa itzela izan da: Eibartik Elgetara.

Hiri batetik herri txiki batera aldatu ginen. Herri kaotiko batetik lasaiago batera etorri ginen. Dena den, horixe gura genuen guk: lasaitasuna, isiltasuna, jendearekin egotea...

Elgetara aldatzea erabaki genuenean, Eibarko lagunek esaten ziguten zoratuta geundela. 

Zer moduz integratu zineten Elgetan?

Oso ondo. Senarrak familia dauka hemen. Gaztetan, askotan etortzen zen Elgetara lehengusuekin egotera, eta lagunak ere bazituen. Hori horrela, ondo integratu ginen.

Dena den, familiarik izan ez bagenu, ondo integratuko ginela uste dut. Elgetarrak eskuzabalak dira eta ongietorria emateko gertu daude beti.

Elgetako parrokiako organista zara.

Bai. Domeketako elizkizunetan eta hiletetan jotzen dut organoa.

Elgetara heldu nintzenean herriko abesbatzan sartu nintzen. Hango zuzendari Jose Antonio Retolatzak esan zidan organo bat zegoela parrokian, baina ez zuela inork jotzen. Orduan bazegoen organista bat Elgetan, Joaquin Gastezi, baina, elizkizunetan parte hartzen zuenez, ezin zuen organorik jo.

Musika irakaslea naiz, eta pianoa jotzen dut. Hori horrela, animatu egin nintzen.

Eta zer gertatu zen?

Ez nuen elizako organoa ezagutzen, baina musika instrumentu horrek sortzen duen doinuarekin maitemindu egin nintzen. Bete egiten nau doinu horrek. Ikusgarria da. Probatu, eta aurrera jarraitzea erabaki nuen.

Pianoa jotzen jakiteak organoarekin hasteko lagundu zizun?

Bai, zera! [Barre]. Ez daukate zerikusirik. Duten gauza berdin bakarra teklatua da. Pianoa hari-instrumentua da eta organoa, berriz, haize-instrumentua. Organoak pedalak eta hainbat erregistro ditu. Biek sortzen duten doinua oso bestelakoa da. 

Nola ikasi zenuen?

Lehenengo urtean nire kabuz ibili nintzen, senarraren laguntzarekin. Organoa teklatuarekin bakarrik jo daiteke. Horrela hasi nintzen. Ondoren, erregistroak eta pedalak erabiltzen hasi nintzen. Lortu gura duzun doinuaren arabera aukeratzen dira erregistroak eta teklatua.

Ondoren, Bergarako Musika Eskolan hasi nintzen Aitor Olearekin eskolak hartzen. Badira hiru bat urte, baina oraindik asko daukat ikasteko.

Nolakoa da Elgetako organoa?

Herri txiki batendako, oso dotorea. Teklatu bakarra dauka, baina doinu ederra egiten du. Hori bai, ez dauka zerikusirik Bergarako San Pedro elizan dagoenarekin. Hark hiru teklatu ditu.

Dena den, eliza gehienetan organoa egon arren, ez da oso ezaguna.

Hala da. Nik uste dut gazteek organoa elizarekin lotzen dutela zuzenean. Oker daude. Organoak elizan daude eta elizkizunetan erabiltzen dira, baina beste modu askotara ere bai. Moldaketa eginez gero, edozein pieza jo daiteke organoarekin, ez bakarrik XVIII. eta XIX. mendeetakoak.

Organista, musika eskolako irakasle, abesbatzako kide... pianoa eta gitarra jotzen dituzu... Musika zainetan daramazu.

Bai. Txikitatik hasi nintzen musika ezagutzen eta bide beretik segitu dut.

Abesbatzan segitzen duzu?

Bai. Orain, gainera, Oskorrirekin egingo dugun emanaldia entseatzen dihardugu. Oskorrik kontzertua egingo du Espaloian hilaren 18an, eta pieza bat abestuko dugu eurekin.

Musikaz gain, beste zaletasunik baduzu?

Ez daukat denbora luzerik, baina ahal dudan guztia irakurtzen pasatzen dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak