Domekan, maiatzak 20, ospatuko dugu Asentzio eguna Elgetan. Urtero legez ermitan meza entzuteko aukera egongo da; Angiozarko parroko Leonardo Esnaolak esango du 12:00etan hasita. Olatza baserrikoek dute ermitako giltza.
Aurten, gainera, festan parte hartzeko dei bateratu egin dute Elgetako udalak eta Angiozar bailarako batzarrak. "Asentzioko jaian parte hartzera gonbidatu gura ditu gure herrietako biztanleak. Asentzioko auzotar eta Elgetako Gaztetxeari eskerrak eman gura dizkogu jaia antolatzearren", adierazi dute.
Gaztetxeak jana eta edana
Gaztetxeak antolatu ohi ditu urtero Asentzio eguneko ekitaldiak. Aurten, Asentziora oinez igotzeko dei egin dute; jakitera eman dutenez 11:30ean abiatuko da taldea Herriko plazatik. Jana eta edana ere ipiniko dute. Taldean bazkaltzeko dei ere egin dute. Proposamena da nork bere bazkaria etxetik eramatea.
Bisita gerra gunera
Asentzio egunarekin, bestalde, Intxortako gerra gunera bisita gidatua egiteko aukera egongo da. 10:00etan abiatuko da taldea Espaloiko Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrotik. Interesatuek aurrez eman behar dute izena 943 71 89 11 edo 943 79 64 63 telefono zenbakietara deituz edo turismo@debagoiena.net helbide elektronikora idatziz.