Herritarrak protagonista gaur Oskorrik Espaloian egingo duen emanaldian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko maiatzaren 18a

Abesbatzakoek Ene, izar maitea kantua abestuko dute Oskorrirekin; Herri eskolan ere landu dituzte kantuak.

18 abestiz osatutako errepertorioa ekarriko du Oskorrik Elgetara: Ama begira ezazu eta Pello Joxepe ezagunak, tartean eta nabarmentzekoa da herritarrek parte hartuko dutela gaurko emanaldian.

Alde batetik, parrokiako abesbatzak abesti bat kantatuko du Oskorrikoekin batera. Jose Antonio Retolatzaren eta Lorea Larrañagaren zuzendaritzapean egingo dute hori. Lorea Larrañagak honela azaldu du: "Espaloiko jendeak proposatu zigun kontzertuan parte hartzea". Abesti bakarra kantatuko dute Elgetako abesbatzakoek: Ene, izar maitea. "Azken hilabetean astean pare bat bider elkartu gara entseatzeko", dio. Kontzertu informala izango da, "festa baten modukoa", Larrañagaren hitzetan.

Herri eskolako gazteak

Herri Eskolan ere jaso dute Oskorrik abestuko duen abestiz osatutako CDa. "Musika eskoletan ibili gara entseatzen", azaldu du Arantxak, musikako irakasleak. Kontuan hartuta kontzertua gauez izango dela, ume txikiak ez dira emanaldira joango, baina bai nagusiagoak direnak: "3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak joango dira, guztira 27 bat neska-mutiko", esan du.

Kantuak entseatzea aberasgarria izan dela gaineratu du; izan ere, ikasle gehienendako hainbat kantu ezezagunak ziren: "Markoxen txarrixe eta Aitorren hizkuntz zaharra, adibidez, ezagutzen zituzten, baina ez gainerako euskal kantu tradizionalak", dio.

Kontzertua 22:30ean izango da, gaur, egubakoitza, Elgetako Espaloian. Sarrerak salgai jarri dituzte 10 eurotan; eta 7 eurotan bazkideendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak