"Oxel Erostarbek Elgetako zerrendaren babes osoa dauka"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 17a

Elgetako alkatetzan aldaketarik egin barik aurrera jarraitzea erabaki du Elgetako Aralar-Independenteak taldeak. "Mila esker alkatetzan jarraitzeko babesa ematearren", adierazi du Erostarbek. Eta, Rebeka Uberak, Aralarreko zuzendaritzako kideak, argi utzi du Aralarrek hartutako erabakiak -hiru legebiltzarkide 'kritikoak' alderditik botatzea-, ez diola Elgetako alkatetzari eragiten, "elgetarrei eta zerrendako kideei zor dieten errespetuagatik".

Maiatzaren 9an jakinarazi zuen Oxel Erostarbek Aralar-Independenteak zerrendan aurkeztu ziren lagunen esku uzten zuela Elgetako alkate kargua. Astebetera eman du erabakiaren berri Elgetako Aralar-Independenteak taldeak.

"Zerrendakideok uste dugu aurkeztu ginen ekipo berarekin jarraitzeko moduan gaudela. Elgetan Aralar-Independenteak taldean uste dugu Oxel Erostarbe dela baleko aukera Elgeta aurrera ateratzeko. Beraz, eta herriaren borondatea errespetatuz, agintaldi honetan aurrera jarraitzea erabaki dugu alkatetzan aldaketarik egin barik eta Oxel Erostarberi babes osoa emanez".

Ezusterik ezean, beraz, Elgetako alkate karguan jarraituko du Oxel Erostarbek. "Mila esker alkatetzan jarraitzeko babesa ematearren", adierazi du Erostarbek. "Aurrera aterako ditugu esku artean ditugun erronkak, orain arte moduan daukagun onena emanez".

Aldaketa garrantzitsuak

Nahiz eta Elgetako alkatetzan jarraitu Aralar auziak aldaketa esanguratsuak ekarriko dizkio Erostarberi. Gogoratu behar dugu Aintzane Ezenarro eta Mikel Basaberekin batera Aralar alderditik kanporatua izan dela, eta maiatzaren 9an batera egindako agerraldian jakinarazi zuten ekainaren 30ean entregatuko zituztela legebiltzarkide aktak.

Rebeka Ubera: "Elgetarrei errespetua"

Rebeka Ubera elgetarra Aralarreko zuzendaritzako kidea da eta Elgetako Aralar-Independenteak hauteskunde zerrendan ere bazihoan, zazpigarren. Argi utzi nahi izan du, Eusko Legebiltzarreko Bakearen gaineko ponentzia dela-eta sortu den ika-mikaren ostean (Ezenarro, Basabe eta Erostarbe legebiltzarkideak alderditik kanporatu eta legebiltzarkide aktak uztea eskatu die), Aralarreko zuzendaritzak Oxel Erostarberi ez diola eskatu Elgetako alkate kargua uztea, "herritarrei eta Aralar-Independenteak zerrendako kideei zor dieten errespetuagatik".

Eta argitu du horren berri, gainera, zerrenda horretako kideei ere eman dietela.

Rebeka Uberak adierazi du Aralarren borondatea dela Elgetako herria, alkatea eta Udala legebiltzarrean sortutako liskar horretatik aparte uztea.

Oxer Erostarbe: "Eskerrik asko"

Oxel Erostarbek, bestalde, eskertu nahi izan du elgetako Aralar-Independenteak zerrendako kideek eman dioten babesa, "batena izan ezik", aipatu ez duen arren, Rebeka Uberari erreferentzia eginez.

Hauxe adierazi digu: "Aralarreko exekutibak alderditik bota ostean, alkatetzan jarraitzeko Elgetako Aralar-Independenteak zerrendako kide guztien babesa jaso dut, batena izan ezik. Horregatik, orain arte moduan jarraituko dut, daukadan onena ematen Elgetaren alde. Benetan eskertu gura dut zerrendako kideen babes zabala jaso izana".

Aurrera begira, politika egiteko eta herria kudeatzeko orain arteko modua aldarrikatu nahi izan du Elgetako alkateak: "Esku artean dauzkagun erronkak aurrera ateratzen jarraituko dugu. Politika egiteko orain arte izan dugun moduari eutsiko diogu; izan ere, aurrera egiteko, garrantzitsua da iparra argi edukitzea eta, alde horretatik, guk argi daukagu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak