Zapatuan 80 bat bolari espero dituzte Elgetako bolatokian

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 16a

Gipuzkoako hiru txirlo txapelketako 8. jardunaldia jokatuko dute 17:00etan hasita.

Bolatokiak egoera onean behar du zapaturako, eta helburu horrekin dihardute lanean Sebastian Arantzabalek eta Xabier Ortuzarrek. Atzo arratsaldean bolatokian aurkitu genituen; muinoak kendu, lurra bota, urarekin apur bat busti... mantenu lanak ez dira oso gogorrak, baina denbora eskatzen dute, baita ezagutza ere.

Gipuzkoako txapelketan aurten bolo gutxi jotzen ari dira, nahiko orokorra omen da. Baina Elgetako bolariek badituzte aukerak txapelketa horretan, gehienbat nagusien eta emakumezkoen kategoriatan.

Bolo jokoaren etorkizunari buruz galdetuta ez da oso baikorra Sebastian Arantzabal. Bolari gehienak adinekoak direla dio, eta ez dela gazte asko hurbiltzen. Ez dira, beraz, bolo jokoaren garairik onenak.

Dena den Elgetako bolariek badute pozik egoteko motiboa, izan ere laster bigarren bolatoki bat egongo da herrian; Salbador ermita ondoko bolatokia, hain zuzen ere. Auzolanean ari dira bolatoki horri teilatua ipintzeko lanak egiten. Gertatuz gero litzatekeena da datorren urteko txapelketan bat ez, bi jardunaldi jokatzea Elgetan. Aukera gehiago emanez gero, akaso jende gehiago hurbilduko da kirol jarduera honetara.

Gazteen artean zaletasuna piztea ezinbestekotzat jotzen du Arantzabalek eta aurreko barikuan egindako bolo tiraldia du buruan. "Elgetan badaude bolotan ondo egiten duten gazteak", esan du. "Horiek txapelketan parte hartzera animatzea litzateke orain kontuan".

Bien bitartean zapatuan etxean ariko dira Elgetako bolariak. Ea emaitzek laguntzen duten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak