Rebeka Uberak, Aralarren Batzar Nagusietako bozeramaileak, gogora erazi du Espainiako Gerran hasi zirela biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketak eta Bigarren Mundu Gerran izan zutela puntu gorena. “Horrelako hilketa masiboak eragin zituztenak kasurik gehienetan inpunitate osoz aritu ziren eta aritzen dira gaur egun ere”, gaineratu du.
Elgetan, bonbardaketak baino gehiago
Aralarren Batzar Nagusietako bozeramaileak nabarmendu du gehiegikeria horiengatik guztiengatik, Elgetako eta Eibarko herritarrek ez dutela ez aitorpenik ez erreparaziorik jaso 75 urteotan, eta Elgetako kasuan bonbardaketetatik haratago joan zirela, gainera: "Espainiako armada sartu zenean, hilketak, fusilamenduak eta emakumeen bortxaketak eguneroko kontu bilakatu ziren”.
Oroimen historikoa eta aitorpena
Oroimen historikoa egoki ikusten dutela baina aitorpena faltan botatzen dutela gaineratu du Uberak: "Sarraskien protagonistak hilda daude eta, beraz, ezin zaie erantzukizunik eskatu, baina pentsatzen dugu sarraskigileen ondorengoek badutela, moralki, zerbait esatea. Alemaniak aitortu du Gernikakoa bere borondatez, baina Espainiako armadak ez du oraindik ezer aitortu, nahiz eta egungoa frankismoko armadaren oinordekoa izan”.