Oihana Kortazar: "Zegama-Aizkorri mendi lasterketako txapela defendatzea ez da lan erraza izango"

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 15a

Mendi lasterkari trebea eta nekaezina da Oihana Kortazar (Elgeta, 1984). Mendian korrika egitea gogoko du elgetarrak eta makina bat garaipen lortu izan ditu orain arte. Aurten Salomon Santiveri taldeak fitxatu du. Oraingoan, aurtengo denboraldiaren eta Zegama-Aizkorri (maiatzaren 20an) lasterketaren gainean jardun du gurekin.

Espainiako txapeldun izan zara hirutan, azken biak jarraian, gainera. Horrek zer esan nahi du, iazkoaren antza izan dezakeela aurtengo urteak, ala larregi aurreratzea da hori?

Oraindik asko aurreratzea da hori, lasterketa asko eta gogorrak falta dira.

Iazko urte bikainaren ostean, baina, erraza da berriro ere motibazioa bilatzea?

Motibazioa lortzea ez da horren zaila, batez ere aurreko urteko denboraldia horren ondo bukatu nahi nuenean, ez bakarrik emaitzen aldetik, baita lesio aldetik ere. Baina aurten lesio txiki batzuekin hasi naiz, eta hori  entrenamenduetan igarri egiten da. Lesio txiki horiek egunerokotasunean arazotxo batzuk sortzen dituzte. Edozelan ere, lasterketetan parte hartzeko gogotsu nabil eta motibazioa berbera daukat.

Ze falta zaio Oihana Kortazarri mendi lasterketen munduan oraindik egiteko?

Adibidez, aurten ekainean eta uztailean munduko txapelketak jokatuko dira, eta hori ez da urtero gertatzen, baizik eta lau urterik behin. Niretzako lehendabiziko aldia izango da, eta garaipena lortuz gero, titulu ezberdina izango litzateke.

Salomon Santiveri taldeak fitxatu izanak eman dizu motibazio hori, adibidez?

Bai, azken finean hori ere errekonozimendua da. Batez ere 2011ko denboraldian lortutako emaitzei begira da errekonozimendua. Poztasuna eta ilusioa eragiten ditu, eta beste esperientzia bat ere bada.

Egin errieta zure taldekideei, oraindik ez zaituzte-eta webgunean sartu.

(Barre) Uste dut banagoela bertan, baina badirudi bi atal bereizten direla webgunean, Salomon España eta Salomon Internacional. Ziurrenik zuk nazioarteko atalean begiratu duzula eta ni Espainiako atalean agertzen naiz. Hurrengo batean begira ezazu Espainiako sailean.

Espainiako Txapelketaz gainera, zelako denboraldi hasiera egin duzu? 

Momentuz, Espainiako txapelketaz gainera, Italiako Kopako lehenengo lasterketan parte hartu dut, eta egin ditudan gainontzeko lasterketak ez dira izan zirkuitu batekoak, lasterketa solteak izan dira. Hemen, berriz, Euskal Herri mailan ere korritu izan dut. Baina, niretzat benetako denboraldia Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekin hasten da. Munduko Kopako lehen proba puntuagarria izango da berori, eta bertan jarrita ditut nire asmo nagusiak.

Aurten ere Zegama-Aizkorri duzu, beraz, gorriz markatuta; titulua defendatzera…

Motibazio berezia daukat, iaz espero gabe irabazi nuen. Esan bezala, aurten motibazioa daukat, baina beldurra ere bai. Gainera txapela defendatzea ez da lan erraza izango. Jendearen animoak eskertzen dira, baina norberak nahi eta ezin izatea sentsazio hori gogorra egiten da. Hala ere, berriro ere irabazteko ilusioa badaukat. Bestela, podiuma egitearekin ere konformatuko nintzateke.

Askotan kanpoko lasterketak etxekoak baino gehiago baloratzen ditugu.

Bai, halaxe izaten da. Kanpoko jende askorendako Zegama-Aizkorriko lasterketan parte hartzea amets hutsa da, eta oro har, bertokoek ez dute gehiegi baloratzen. Nik neuk ere asko baloratzen dut, eta Euskal Herrian sekulako lasterketak antolatzen direla onartu beharra daukat.

Iazko garaipen kopurua gaindi ezin daitekeen muga da?

23 garaipen eta bi aldiz 2.postuak eskuratu nituen iazko denboraldian. Aurten hori errepikatzea zaila izango da, baina ahaleginduko naiz. Izatez, aurten sasoi honetan iaz egin nituen baino lasterketa gutxiago egiten nabil. Iaz oso nekatuta bukatu nuen denboraldia, hori dela eta, zenbait lasterketetan ez parte hartzea erabaki dut. Horrez gainera, iaz ez nuen lesiorik izan, denboraldi perfektua izan zen, eta oraingo honetan, baditut lesio batzuk, eta horrek entrenamenduetan badauka bere eragina. Orain, berriz, nire zalantza da nola arituko naizen uda parteko lasterketetan.

Ekainaren 9an egingo duten Eskoriatzako Gabez Takarraran lasterketako aurkezpenean izan zinen; ibili zara gauez inoiz?

Ez, ez dut inoiz gauezko lasterketetan parte hartu. Entrenamenduetan probaren bat egin izan dut, baina lasterketa bezala ez. Gauez egiten den horrelako lasterketak osagai bereziak izan behar ditu, oso ezberdinak dira egun eta gauezko lasterketak. Eskoriatzako aurkezpenean egon nintzen arren, ezin izango dut lasterketan parte hartu. Kanpoan izango naiz Espainiako kopako lasterketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak