Festarako gogo gutxi Athletic-ek finala galdu ostean

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 10a

Elgetako Athletic-zaleen elkargunea den Bolatoki tabernan kopetilun eta burumakur zegoen jendea.

Uste osoa zuten gaua festa giroan amaituko zutela, baina gauzak ez dira nahi bezala irten eta lur jota ikusi ditugu Elgetako Athletic-zaleak Bolatoki tabernan. Gutxi geratu dira partidua amaitu arte, eta epaileak partiduaren amaiera adierazi duenean ez da mugimendurik egon Elgetako zaleen artean. Tabernariak ipinitako ereserkia entzuten zen soilik.

Denbora batera etorri dira lehen erreakzioak. "Ez dugu zelaian ezer erakutsi! Irabazi egin dute argi eta garbi", esan du batek. Beste batek, berriz: "Talde honek egin dituen partiduak eginda, finala galdu behar, eta gainera Atléticoren aurka... Amorrua ematen dit!". Tartean bazegoen bandera zuri-gorria astinduz "Aupa Athletic!" oihu egiten zuen baten bat ere.

Anekdota tabernatik irtendakoan etorri da. Hiruzpalauk kanpoan lasai ederrean tragoa edaten zegoen gizonezko bat zoriondu dute. Gerturatu eta jakin dut zergatia: "Atlético de Madrid taldeko jarraitzailea da betidanik", esan dit Athletic-eko zale batek. Gaur, Bolatoki tabernan, Athletic-zaleen artean egon den colchonero bakarra izan da Cayetano.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak