Atzo Aralar alderdiak Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik kanporatzeko erabakia jakinarazi ostean, gaur agerraldia egin dute Legebiltzarreko prentsa aretoan hiru legebiltzarkideek.
Jakinarazi dute Legebiltzarra utzi egingo dutela. Esan dute ekainaren 30ean entregatuko dituztela legebiltzarkide aktak. Ordura arte orain moduan jarraitu gura dute.
Gogor hitzegin du Aintzane Ezenarrok gaurko agerraldian. Berretsi du parlamentuan onartutako ponentzia ez dela "baztertzailea", eta alderditik kanporatzeko erabilitako arrazoiak eta lantaldearen inguruan esandakoak "gezurrak" direla. Gaineratu du Aralarren sartu ziren modu berean joango direla; "guztien arteko elkarrizketa defendatzeko eta praktikatzeko arazoak konpontzeko".
Beste inkognita bat ere argitu dute hiru legebiltzarkideek. Esan dute ez dutela zerikusirik Aralar alderdiko sektore kritiko batek iragarritako Nahia izeneko alderdi berriarekin. Ez dutela zer ikusirik esan dute.
Amaitzeko eskerrak ere eman dituzte; lankideei eta bereziki Dani Maeztu legebiltzarkideari egindako lanagatik.
Elgetako alkatetza
Gure bailarara etorrita Oxel Erostarbek jakinarazi du Elgetako alkatetza Aralar-Independenteak zerrendan aurkeztu zirenen eskuetan utzi duela, eta Tweet batean eskerrak eman ditu "urteotan, batez ere azken asteotan politika beste modu batera egiteko ahaleginean babesa, laguntza eta indarra ematearren".