"Armadak edozein tokitan eta unean maniobrak egiteko eskubidea dauka"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 9a

Halaxe erantzun zuen atzo Pedro Morenes Espainiako defentsa ministroak, joan zen apirilaren 24an Elgetan Espainiako armadako soldaduek egin zituzten maniobrak justifikatzeko. Era berean, esan zuen, Elgetaren historia, gerra amaigabeen historia eta lehiaren topaleku izan dela azkeneko bi mendeetan. Rosellongo gerra, Napoleonen aurkako gerra, Karlistadak edota, azkenekoz, Elgeta bonbardatu eta Intxorta suntsitu zuten Espainiako gerra aipatu zituen.

"Elgetako historia ezagutzen baduzue, ikusiko duzue ez dagoela egun bakarra non ez den gerra lehiarik izan azkeneko bi mendeetan". Halaxe erantzun zien Iñaki Amasagasti (EAJ) eta Alberto Unamuntzaga (Amaiur) senatari abertzaleen galderei. Atzo izan zen saioa, Espainiako senatuan.

"Eskubide osoa"

Era berean, san zuen, Espainiako armadako soldaduek "eskubide osoa" dutela maniobrak "edozein toki eta unetan" egiteko. Baina, gehiegizkoa iruditu zitzaion "30 soldadu Elgetatik" igaro izanari, maniobra militar deitzea. Eta, soldaduek, kontu handiz aritu zirela esan zuen elgetarrak ez "molestatu" eta "asaldatzearren". Eta soldaduek, herritarrendako arriskutsuak izan zitezkeen jarduerarik ez zutela egin esan zuen.

Bi senatari euskaldunek ez zituzten aintzat hartu Pedro Morenesen azalpenak eta berriro salatu zituzten elgetarrendako eta euskaldunendako horren egun berezian Espainiako soldaduek maniobra militarrak egin izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak