1936ko gerraren inguruan Elgetan egiten diren bisita gidatuek harrera oso ona izaten ari dira. Intxortako frontea jausi izanaren 75. urteurrena dela-eta domeka oro egin dira gidatutako irteerak apirilean, eta bisitak ohiko maiztasunera itzuli diren honetan antolatzaileek ekimena igande oro egiteko aukera badagoela ikusi dute orain. "Azkenengo hiru bisita gidatuetan 40 lagun inguru elkartu dira; jarrita genuen 30 laguneko mugatik gora, beraz", adierazi du bisita gidatuok egiten dituen Iraitz Lazkano elgetarrak. Maiatzean, ekainean eta uztailean, beraz, domeka oro egingo dira bisitok.
Urtarriletik 684 bisitari
Urtarriletik maiatzaren 6ko bisita gidatura bitartean 684 lagun erakarri ditu Elgetara Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroak. Perfil askotariko lagunak etorri dira Intxortako guda gune ezagutzera; ikasleak, familiak, norbanakoak...
Interesatuek jakin behar dute beharrezkoa dela aurrez izena ematea 943 71 89 11 edo 943 79 64 63 telefono zenbakietara deituz, edo turismo@debagoiena.net helbide elektronikora idatziz. Taldeendako bisita gidatuak ere antolatzen dira —gutxienez 12 lagun—. Kasu horietan eguna norberak jar dezake.