Elgetako Magia Mostrak zer esana eman du aurten ere. Maila handiko magoak izan dira herrian, eta ondo baino hobeto erakutsi dute zergatik diren hain sarituak. Mago Miguek ikuskizun txukuna egin zuen barikuan, baina zapatuko galan guztiz bereganatu zuen Elgetako publikoa.
Elgetan magia asko ikusitakoak dira dagoeneko, baina aurtengo galarekin muga guztiak gainditu dituzte. "Batez ere zapatuko galan muga goian jarri dugu, eta zaila izango da gainditzea. Baina dagoeneko lanean gara", esan dute antolatzaileek. Izan ere magoak benetako mirariak egiten ikusi ditugu Elgetan. Areto barruan zein kalean aritu dira eta nahi izan duen orok izan du aukera magiaz gozatzeko.
Publikoaren saria
Estu egon da lehia aurten publikoaren saria eskuratzeko. Miguek eraman du azkenean, baina oso gertu izan du Charlie Mag gaztea. Mago gaztea da eta etorkizun handiko profesioko lagunek esaten dutenez. Parenthèse Cubique taldeko hirukoteak ere boto asko jaso ditu. Cubic Act ikuskizunak zer esan handia eman du.